2026-10-02
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaLanaldi partzialetan pentsio duinak aldarrikatu ditu LABek Legebiltzarrean

Lanaldi partzialetan pentsio duinak aldarrikatu ditu LABek Legebiltzarrean

EH Bilduk, lanaldi partzialean diharduten langileen jubilazio duina bermatzeko Legez besteko proposamena sartu zuen Legebiltzarrean. Proposamena Enplegu eta Gizarte politiketako batzordean eztabaidatuko zen atzo. Momentu berean LAB kanpoan izan zen lanaldi partzialetan pentsio duinak aldarrikatzen.

Apirilaren 2an LABek eskari bat erregistratu zuen Legebiltzarrean lanaldi partzialean aritzen diren langileei jubilazioa hartzerakoan sortzen zaizkien diskriminazio egoerei buruz informatuz eta honen harira legebiltzar talde guztioi eskaria egin genien egoera hau zuzentzeko neurriak har zitzaten.

LABetik egiten genuen aldarrikapena kontuan izanik EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu zuen, ondorengo edukiekin: 

a) 2015. urtea bukatu baino lehenago, lanaldi partzialean aritzen diren langileen eskubideak bermatuko dituen jubilazio araudi propioa osatzeko egutegi zehatza prestatu eta Legebiltzarrean aurkeztu dezala; araudi horretan, lanaldi partzialean lan egindako egun guztiak kotizatutako egunak direla bermatuko da.

b) Diskriminazio egoerarekin bukatuko duen araudi propio hori gauzatu bitartean, egoera horretan dauden lagun guztien pentsioa osatzeko aurrekontuen partida bat bideratu dezala, langileei lan egindako egun guztiak kotizatutako eguntzat hartuta jasoko luketen pentsioa bermatuz, beti ere pertsona guztiei Lanbide-arteko Gutxieneko Soldataren parekoa den gutxieneko pentsioa bermatuz.

Datorren Martxoaren 16ean Enplegu eta Gizarte Politiketako batzordea bilduko da honetaz eztabaidatzeko. Hala ere, dagoeneko PNV, PSE eta UPD osoko emendakinak aurkeztu dituzte EH Bilduk eginiko proposamenaren aurka. Beren argudioa bakarra, konpetentzien falten izan da, naiz eta EH bilduk eta LABetik eginiko proposamenean argi aldarrikatu genuen transferentzia hori eman bitartean aurrekontuetan diru partida bat bideratu zezaten, baina naiz eta horretarako eskuduntza izan, ez omen daude prest hau egiteko.

Zoritxarrez, beste behin agerian geratzen da ez dutela benetako borondate politikorik emakumeok lan munduan pairatzen ditugun diskriminazio egoerei aurre egiteko eta adierazpen hutsetatik harago ez dituztela inolako neurrik hartu nahi egoera honekin behingoz amaitzeko.
  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.