2026-02-03
HomeEkintza SindikalaSektorean 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzen duen aurreakordioa sinatu dugu, Bizkaiko kontserba...

Sektorean 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzen duen aurreakordioa sinatu dugu, Bizkaiko kontserba eta arrain gazituen hitzarmenean #LortuDugu

LABek aurreakordioa sinatu du gaur Bizkaiko kontserba-sektorean, pandemian funtsezko sektoretzat jo den sektore erabat feminizatua. Hala ere, sektoreko langileak beti egon dira bigarren mailan eta erabat ikusezin.

Negoziazioa hasi zenetik argi izan genuen LABen sektoreko lan-baldintzak duindu behar zirela, eta gai nagusietako bat zen, funtsezkoak izan arren, sektoreko langileak ez zirela 1.200 euroko gutxieneko soldatara iristen. Aurreakordioa sinatu ondoren, gure helburua lortu dugu. Hitzarmenaren indarraldia amaitzean, sektoreko langile bakar batek ere ez du 1.200 eurotik beherako soldatarik izango.

Hitzarmenaren indarraldia 2021etik 2024ra bitartekoa izango da, eta urte horietarako adostutako igoera %14,39koa da. Hitzarmena amaitzean, urte horietako KPIen batura itundutako igoera baino handiagoa bada, kategoria baxuenean urteko 17.250 euroko mugarainoko aldea bermatuko da. Bereziki azpimarratu dugu kategoria baxuenen lan-baldintzak duintzea. Aurreakordio hau sinatuta, peoi arruntaren kategoriak 964 euroko igoera izango du 2022an, 2021eko atzerapenez gain.

Lortu dugun beste puntu garrantzitsu bat sexu-jazarpenaren, sexu-arrazoiengatiko jazarpenaren eta sexu-orientazioagatiko jazarpenaren eta genero-identitate eta -adierazpenaren aurkako jarduera-protokolo bat egitea da. Protokolo hori nahitaez aplikatu beharko da protokolo propiorik ez duten enpresa guztietan. Hori oso urrats garrantzitsua da enpresa txikietako langileentzat, egoera horien aurrean babesgabeenak baitira.

Lortutako aurreakordioak beste puntu batzuetan ere hobekuntzak jasotzen ditu, hala nola ordaindutako lizentzietan, aldizkako kontratu finkoetan antzinatasuna indarrean dagoen legeriara egokitzean, batzorde paritarioa 6 hilabeteko epean (hitzarmena sinatzen denetik) biltzeko konpromisoan, lanbide-sailkapenaren sistema enpresen benetako funtzionamendura egokitzeko, txanda-kontratuaren aplikazioan aurrerapenak eginez.

LABen argi daukagu borroka eta mobilizaziorik gabe aurreakordio hau ezinezkoa izango zela; horregatik, sektoreko egoera prekarioa hobetzeko borrokan aritu diren langile guztiak zoriondu nahi ditugu, greban, piketeetan, manifestazioetan, herrietan lanean aritu direnak borroka hau ulertua izan dadin eta aurrera egiteko elkartasuna eta indarra jaso dezaten. Langileei esker izan da posible aurrera pausu hau eta ziur gaude hurrengo hitzarmenean ere horrela izango dela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...