2026-10-02
HomeEkintza PolitikoaErakunde publikoek berdintasun planak itxura egiteko baliatzen dituztela berretsi dugu, ez emakumeenganako...

Erakunde publikoek berdintasun planak itxura egiteko baliatzen dituztela berretsi dugu, ez emakumeenganako diskriminazio egoera iraultzeko tresna gisa

“Berdintasunerako barne planen egoera Hego Euskal Herriko erakunde nagusietan” txostena aurkeztu dute LAB sindikatuko Idazkaritza Feministako kide Eli Etxeberriak eta Izaskun Guarrotxenak. Ondorio nagusi bat atera dugu azterketatik: ekintzetan oinarrituta, instituzioek utzikeria erakutsi dute berdintasun-politika teorikoak errealitatera eramateko eta beren legeak betetzeko. Adibide zehatzak jarri dituzte, erakunde publiko desberdinak aztertu eta gero.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik bi udaletxek baino ez dute berdintasunerako barne planik: Gasteiz eta Donostia. Iruñeak ez du inoiz planik izan, eta orain, lehen aldiz, plana egiteko diagnostikoa egiten ari dira. Bilbok lehenbizikoa egin zuen 2014tik 2017ra, eta inoiz ez du gaia berriro jorratu. Gasteizek hiru urteko geldialdia izan zuen lehena amaitu ondoren (2016/2018), eta bigarrenaren prestaketa oso gatazkatsua izaten ari da, gobernu taldearen borondate faltagatik. Hiru urte geroago, puntu garrantzitsuetan ez da akordiorik lortzen.

Aldundietan ez da giro hoberik arnasten. Arabak bakarrik du barne-plana, eta duela gutxi onartu da (2021ko uztailaren 7an), sindikatuen gehiengoaren adostasunik gabe. Bizkaia eta Gipuzkoak ez dute planik, eta ezer abian jartzeko borondate politiko gutxi sumatzen da. Nafarroako gobernuak 2006-2010erako plan bat prestatu zuen, baina ez zen gauzatu, eta gaur egun diagnostikoa egiten ari da, bigarrena diseinatzen hasteko.

Eusko Jaurlaritza: Une honetan I. Planaren ebaluazioa egiten ari da, eta daukagun informazioaren arabera ez da %30a bete. Gainera, hurrengo planerako diagnostikoa lantzen ari dira.

Oro har, esan dezakegu martxan jarri diren plan guztiak ez direla bere osotasunean bete. Harrigarria da berdintasunaren alde egiten dutela esan, eta diskriminazioarekin amaitzeko neurriak dituzten plan estrategikoak diseinatzen dituzten alderdi politikoetako agintariek, ez aplikatzea beren irizpide propioa gobernatzen ari diren erakundeetan barne-planak egiteko exijitu eta zorrotzak izateko.

Esan dezakegu, beraz, interes gutxi dagoela Hego Euskal Herriko foru, toki-administrazio eta autonomia-esparruko erakunde publiko handietan berdintasunerako barne-planak abiarazteko edo betetzeko. Halaber, esan dezakegu erantzunkidetasun berritzaileko neurriak abian jartzeko erresistentzia handia dagoela, baita negoziatzeko borondate politikorik eza ere.

Ekintzak nahi ditugu, ez hitzak

Ondorio orokor gisa, uste dugu emakumeen diskriminazio-egoera aldatzeko tresna bat diren berdintasun-planak ez direla ba- liagarriak izan helburua betetzeko, baizik eta erakundeen aurpegi-garbiketa eta berdintasunarekiko konpromisoa duten itxura egiteko erabili dira.

Ezin dugu esan urte hauetako berdintasun-politiken ondorioz erakundeetako emakume langileen egoera hobetu denik. Izan ere, beste gauza batzuen artean, emakumeak dira oraindik interinitate egoeran dauden eta lanaldi partzialak dituztenen gehiengoa.

Horregatik guztiagatik, berdintasun-plan errealak, eraginkorrak eta negoziatuak martxan jartzeko eskatzen jarraitzen dugu, erakundeetan gaur egun emakumeok jasaten dugun diskriminazio-egoera iraultzeko. Ekintzak nahi ditugu, ez hitzak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.