2026-06-16
HomeEkintza Politikoa60 eta 70. hamarkadetako langileria omendu du LABek

60 eta 70. hamarkadetako langileria omendu du LABek

LAB sindikatuak 60. eta 70. hamarkadetako 47 langileri lamina bana eman die Iruñeko San Lorenzo elizaren ondoan eta datozen egunetan beste horrenbeste egingo du LABeko edozein egoitzetan lamina eskatzen duen garai horretako langile orori. Huarte enpresariari urrezko domina ematerakoan, Nafarroako Gobernuak industrializazioa posible egin zuten gizon-emakumeak ahazten eta baztertzen dituela salatu du Igor Arroyok gaurko ekitaldian: "horiek bai merezi dutela gure omenaldia".

LABen iritziz, Nafarroaren industrializazioan egin omen zuen lanaren omenez Huarteri emango dioten urrezko dominak industrializazio hori posible egin zuten langileak ahaztu ez ezik enplegu eta aberastasunaren sortzaile omen den enpresari handiaren mitoa elikatzen du. "Alabaina, enpresari handiek eta bestelako kapitalistek, frankismoan nahiz gaur egun, euren interes propioen alde egiten dute. Jarduera ekonomikoaren bidez (eta gero eta gehiago, espekulazio hutsaren bidez) ondasunak pilatzeko nahia da euren akuilu".

LABek dionenez, "gure asmoa ez da inor gutxik maite duen Huarte edota Iruñeko auzokide askoren estimu arrazoitua duen Urmenetaren izaera, merituak edota giza-balioa baloratzea. Gure asmoa zera da: langileriak 60. eta 70. hamarkadetako industrializazioan eta aberastasunaren sorreran egindako lana nahiz aberastasun horren banaketa justuago baten alde egindako borroka aldarrikatzea. Gizon-emakume horien borroka solidarioak, horrek bai sortu zituela izugarrizko onurak komunitatearentzat: lanaldiaren murrizketa eta beraz lanaren banaketa, soldaten igoera eta beraz Nafarroako jarduera ekonomikoaren sustapena, lan osasunean hobekuntzak, askatasun sindikalak…".

LABek hainbat enpresetako langileak omendu nahi izan ditu gaurkoan: Imenasa, Guirlin, Torfinasa eta Inasa (Huarterenak, hain zuzen ere), Potasas, Motor Ibérica, Luzuriaga, AP Amortiguadores, Authi, Eaton, Super Ser eta beste hainbeste. "Baina era berean – adierazi du LABeko bozeramaile Igor Arroyok – emakume langileak ere omendu eta ikustarazi nahi ditugu: telefonistak, dendetako langileak, Zabalguneko etxe burgesetako zerbitzuan aritzen zirenak, faxistek 36an betirako itzali nahi izan zuten ezagutzaren argia berpiztu zuten maistrak… Gogoan hartu nahi ditugu grebei eutsi ahal izateko hiriko senideei barazkiak bidaltzen zituzten nekazal familiak. Gogoan hartu nahi ditugu, halaber, beren ama eta izebek etxean enbobinatu behar zituzten amianto hariekin, bere jario hilgarriaz ezjakitun, jolasten zuten haurrak".

LAB sindikatuak lamina bat argitaratu du eta gaur, Urrezko Domin instituzionala eman bezperan, aipatutako lamina hori 47 langileri eman die, Iruñeko San Lorenzo Elizaren ondoan. Eliza hori itxialdi askoren lekukoa izan da, esaterako 73an Motor Ibéricako langileek egindakoa, zeina aste beteko greba orokor solidarioari bide eman baitzion; edota azken urteetan Koxka, Dynamobel, Faurecia, Ospitaletako Sukaldeak edota Langabetuen Batzarrak egindakoak. Gaurtik aurrera Nafarroako LABeko edozein egoitzetan eskatzen duen garai horretako langile orori emango diogu aipatutako lamina hori, bere afiliazio sindikala edozein delarik ere.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako esku hartze sozialeko hilaren 23ko negoziazio mahaian aurrerapausorik ez badago, greba egingo dugu ekainaren 25ean

LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuok Lucho Royero Gasteizko zinegotziaren faltsukeria eta mututasuna salatzen ditugu. Arabako esku hartzearen sektorean ordezkaritza dugun LAB, ELA; CCOO eta...

Primafrion jazarpen sindikalak ez du etenik

Gaur Durruman (Araba) kokatutako Primafrio enpresaren atean egindako elkarretaratzeak berriro erakutsi du LABen ez gaudela atzera pauso bakar bat ere emateko prest. Bere jarrera zuzendu beharrean, enpresak beste behin ere errepresio sindikalaren aldeko hautua egin du, eta joan den ostiralean beste langile bat kaleratu zuen, lan eskubideen alde egiteagatik.

Navarrabiomedeko langileek aurrekontu-bermeak eskatu dituzte euren hitzarmen kolektiborako

Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan hitzartutako akordioek aurrekontu-babesa izan dezaten eskatzeko. Hitzarmenaren helburua osasun-ikerketa publikoaren errealitatera egokitutako lan-esparru...