2026-10-02
HomeEkintza Politikoa"Ibilian ibilian, presoak etxera" manifestazioarekin bat egin dugu

“Ibilian ibilian, presoak etxera” manifestazioarekin bat egin dugu

Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan, ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon euskal presoen eskubideen alde. Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela adieraztearekin batera, bihar, urriak 23, arratsaldeko 17:00etan SAREk Donostian antolatu duen «ibilian Ibilian, presoak etxera» manifestazioan parte hartuko dugula iragarri dugu.

ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuon IRAKURKETA

“ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuek azken 3 urteotan neurri hauek hartzeko beharra adierazi diegu euskal gizarteari, bere erakundeei eta eragile politiko eta sozialei:

• Euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea;

• Gaixo dauden eta adinekoak diren presoak berehala espetxetik ateratzea;

• Graduen progresioa eta legeria arruntean aurreikusitako espetxe-onurak eskuratzea, inolako diskriminaziorik gabe;

• Eta salbuespenezko legeria oro gainditzea.

Neurri horiek premiazkoak dira eta ezin dira gehiago atzeratu; izan ere, espetxeetako salbuespenek, oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, bizikidetza demokratikoaren aldeko aurrerapenak zailtzen dituzte eta sufrimendu handiagoa eragiten dute.

Gaur, halaber, aipamen berezia egin nahi diogu Aieteko Adierazpenaren sinaduraren 10. urteurrenari. Adierazpen horren partaide izan ziren Alderdi Politikoak, Nazioarteko pertsona ospetsuak, Euskal erakundeak, Patronalaren elkarteak eta hemen, “Izan Bidea” dinamika honetan gauden sindikatuetako batzuk.

2011ko urriaren 17 hura mugarri izan zen Euskal Gatazkan, bost puntuko akordioa sinatu baitzen gatazka konpontzeko:

1. Jarduera armatua behin betiko amaitzeko deia, handik egun gutxira gertatu zena.

2. Espainiako eta Frantziako gobernuei alderdiekin elkarrizketak hasteko eskatzea.

3. Gatazka konpontzeko, adiskidetzeko eta alde biko sufrimendua aitortzeko behin betiko urratsak ematea.

4. Elkarrizketarako deia egitea eta herritarrei kontsulta egitea sustatzea.

5. Prozesuaren jarraipen-batzorde bat sortzea.

Bihar, urriak 23, arratsaldeko 17:00etan SAREk Donostian antolatu duen «ibilian Ibilian, presoak etxera» manifestazioan parte hartuko dugula ere iragartzen dugu.

Herritarrak animatu nahi ditugu, bereziki langileak, bakoitzak bere espaziotik, modu aktiboan parte hartzera, gai honen ebazpenak behin betiko aurrera egin dezan.”

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.