2024-04-29
HomeEkintza SindikalaZein pauso emateko prest daude administrazioak egoera eta eredu hiltzaile hau geldiarazteko?

Zein pauso emateko prest daude administrazioak egoera eta eredu hiltzaile hau geldiarazteko?

Atzo, abuztuak 17, langile bat hil zen Urretxuko Almacenes Usabiaga enpresan, femwich orga batek harrapatuta. 6 egunetako epean Euskal Herrian hiltzen den 3. langilea izan zen atzokoa. Izan ere, abuztuaren 16an Moyua enpresako 54 urtetako I.S.A. hil zen Ormaiztegin eta abuztuaren 12an, Donostiako Garbiketa Aldi Baterako Enpresa Elkarteko (ABEE) M.S.L. hil zen Gipuzkoako hiriburuan. Heriotza hauek salatzeko, gehiengo sindikalak mobilizazioa egingo du ostiralean, abuztuaren 20an, 12:00etan Donostiako Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean (Andia, 13).

Azken hildako honekin, gutxienez 39 dira Euskal Herrian lanean edo lanaren ondorioz hil diren langileak 2021ean. LAB sindikatutik, gure babesa helarazi nahi diegu hildako langilearen senide, lagun eta lankideei.

Atzo gertatutakoa ez da berria, urtero honelako lan istripuak ditugulako. Ezaguna izan arren, praktikan ez dituzte neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen. Antza, administrazio publikoetako arduradunek ez dute honen berri, edo ez dute honi buruz ezer jakin nahi. Non daude administrazioko arduradunak heriotz berri hau salatzeko? Zein aldaketa eta zein pauso emateko prest daude egoera eta eredu hiltzaile hau geldiarazteko? Lan heriotza bakoitzaren atzean izen eta abizenak daude, familiak daude, arduradunak daude. Bada garaia arazo larri hau agenda politikoan kokatzeko.

Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira. Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan, ez saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintzen eta lan egiteko moduen emaitza dira.

LABen argi dugu bizi eta lan duinak izateko eskubidea dugula. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Laneko istripuak ez dira zerbait isolatua, ekonomia langile klasearen osasun eta bizitzaren gainetik jartzen dituen eredu produktiboaren isla baizik.

Odoluste honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira, lan harremanen eta joku arauen aldaketatik, eredu aldaketatik, etorriko baita konponbidea. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Eta horretarako, ezinbestekoa da mobilizazioa. Horrela, laneko heriotzen aurrean gehiengo sindikalak datorren ostiralean, abuztuaren 20an, Donostian deitu duen mobilizazioan parte hartzeko deia egiten du LABek. 12:00etan izango da, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Andia kaleko 13.ean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok Gizardatzi eta Geroani eskatzen diegu alde batera utz dezatela 2022az geroztik sektorea hitzarmenik gabe egotera daraman jarrera boikotatzailea

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok 2022. urteaz geroztik hitzarmenik gabe gaude, eta zortzi greba-egun baino gehiago egin ditugu, baita mobilizazio ezberdinak zein barau egunak ere, egiten dugun lana aintzat hartuko duen hitzarmen bat lortzeko helburuarekin.

CAFeko amiantoaren auzian lan osasuna bermatzeko urratsak eskatu ditugu

Lan Osasunaren Eguna pasa berri den honetan, CAF lantegiko beharginek agerraldia egin dute, gaiarekin zerikusi zuzena duen kontu bati buruzko argibideak emateko: amiantoa.

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.