2026-09-27
HomeEkintza PolitikoaGiza katea egingo dugu ekainaren 4an Donostian, euskal presoen eskubideen defentsan

Giza katea egingo dugu ekainaren 4an Donostian, euskal presoen eskubideen defentsan

Euskal gehiengo sindikaleko ordezkariok agerraldia egin dugu Saguesen, ekainaren 4an Saguesetik bertatik (11:30) irtengo den giza katearen berri emateko, Sare herri plataformaren Izan Bidea dinamikarekin bat. Era berean, Beasaingo CAFen hitzaldia egingo dugu, presoek baldintzapeko askatasun eskuratzean eta baita askatasuna berreskuratzean ere lan mundura txertatzeko duten beharrizanaren garrantziaz hitz egiteko.

Hain zuzen ere, Izan Bidea dinamika martxan dagoenetik, hamaika ekimen egin dira Euskal Herri luze- zabalean. Herriz herri garatzen ari den dinamika hau lantokietara ere eraman nahi dugu, langileok ere hasitako bide honi gure hauspoa eman diezaiogun. Izan ere, sindikatuok denbora daramagu salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzearen beharra aldarrikatzen. Egun, bide bat hasia dagoela esan dezakegu, azken hilabeteetan ematen ari diren aldaketak direla eta. Aldaketa horiek, ordea, bai jendarte aktibazioari eta baita alderdi, sindikatu eta instituzioen akordio eta batasunari esker abiatu dira, eta muturrera eraman eta bai urrunketarekin, baita gradu progresioaren blokeoarekin ere amaitzeko, ezinbestekoa dela uste dugu akordio eta aktibazio bide hori garatzen jarraitzea.

Horregatik, eta elkarlan eta aktibazio hori lantokietara eramateko, datorren maiatzaren 28an, CAF enpresan aspaldian hasia duten dinamikara batuz, Joseba Azkarraga eta CAFeko kide baten parte-hartzearekin, presoen egoera eta hasitako bidearen inguruko hitzaldia antolatu dugu, lan eremutik egin daitekeen ekarpenaz hausnartzeko. Zentzu honetan, presoek garatu beharreko etxeratze prozesuan fokoa jarriaz, eta graduen progresioa horretarako klabea izanik, presoek baldintzapeko askatasun eskuratzean eta baita askatasuna berreskuratzean ere lan mundura txertatzeko duten beharrizanaren garrantziaz jardungo gara, prozesu horretan laguntzaile izateko asmoz. Hitzaldia 11:00etan izango da, Beasaingo amiantoaren plazan.

Honekin batera, iragarri nahi dugu ere, datorren ekainaren 4an, 11:30ean, Donostian, Saguesetik abiatuta, deialdi zabaleko mobilizazioa antolatu dugula, eta langile eta herritarrei parte hartzeko deia luzatzen diegu. Denok izan behar dugulako bidearen parte, guztion bultzadaz hasitako urrats txiki horiekin, etxera bueltako errepide bilaka daitezen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.