2026-10-10
HomeEkintza SozialaAiaraldeko enplegua defendatzea eta eskualdearen etorkizunerako inbertsioak egitea eskatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

Aiaraldeko enplegua defendatzea eta eskualdearen etorkizunerako inbertsioak egitea eskatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

Atzo Eusko Legebiltzarrean Aiaraldeko suspertze sozioekonomikoaren inguruko ponentzian parte hartu ostean, LABek argi utzi nahi izan du enplegua suntsiketa gelditzeko premiazko ekintzak eta eskualdearen etorkizuna bermatzeko neurriak behar direla.

Instituzio nagusiek urte luzez alde batera utzi dute Aiaraldea, eta eskualdearekin dagoen zorra kitatu behar dela uste dugu. Aiaraldearen etorkizunean inbertitu behar da, bai eskualdeak azken urte luzeetan jasan duen desindustrializazioa geldiarazi eta honi aurre eginez, bai sektore ezberdinetan: sektore publikoa, zaintza, lehen sektorea, merkataritza eta ostalaritza…

Enpresek eta langileek bizi duten egoera azaldu dugu, baita eskualdeko enpresa txiki eta ertainak eta autonomoek bizi duten errealitatea ere. Gazteek bizi duten egoera eta azken urteotan egon den inbertsio falta ere azpimarratu nahi izan ditugu.

Beharrezkoa da erakundeen konpromisoa eta inplikazioa, Aiaraldeko enplegu-suntsiketa gelditzeko eta egungo egoera iraultzeko. Onartezina da ezer ez egitea edo zikoizkeriagatik bakarrik mugitzen diren enpresa-zuzendaritzek enplegua suntsitzeko hartutako neurriak babestea. Aiaraldean ezin da enplegu gehiago suntsitu, berehalako konpromisoak eskatzen ditugu Aiaraldearentzat enplegu duina eta kalitatezkoa lortzeko.

Oinarrizko azpiegitura eta zerbitzu publikoetan inbertsioak egitea eskatzen dugu, hala nola osasunean, zaintzan, garraio publikoan edo saneamenduan. Murriztuta dauden zerbitzuak hobetu behar dira, eta zerbitzu desberdinak zabaldu, kalitatezko zerbitzu publikoak lortzeko.

Egoera kaxkarrean dagoen eskualdeko sare sozioekonomikoa ere bultzatu behar da, eta erakundeek helburu hori lortzeko neurriak hartu behar dituzte. Neurri horiek ekonomikoak ere izan behar dute, baina argi utzi nahi dugu ezin zaiela enpresei laguntzarik eman trukean ezer eskatu gabe, batez ere handiei. Enpresek laguntza publikoak edo zerga-salbuespenak jasotzen badituzte, kontrapartidak izan behar dituzte, hala nola enplegua mantentzea.

Azken finean, argi utzi nahi izan dugu Aiaraldea alerta gorrian dagoela, eta beharrezkoa dela dagoeneko eskualdearen etorkizunaren alde eta bertan enplegu eta bizimodu duina izatearen alde jardutea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.

Intersindikalak salatu du Correosen langile falta dagoela eta azaroaren 29ko hauteskunde deialdiaren aurrean langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen dela

Intersindikala osatzen dugun erakunde sindikalok (LAB, CIG, ESK, Intersindikal Canaria, ELA eta CNT) oso kezkatuta gaude datorren azaroaren 29rako deitutako hauteskundeen eta Correosek gaur egun pairatzen duen langile faltaren egoeraren aurrean.

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Maria Txibiteri, Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde posizionatu eta ekimen politikoa abian jartzeko

CEN patronalak CCOO eta UGTrekin akordio interprofesionala negoziatzeari uko egin ondoren, eta Parlamentuak lege-proposamena hartu ez ondoren, Nafarroako Gobernuari bide politikoa berreskuratzea eskatuko diogu...