2026-10-06
HomeIndustriaArte GrafikoakAntalis enpresako langileak eta zuzendaritza akordio batera iritsi dira

Antalis enpresako langileak eta zuzendaritza akordio batera iritsi dira

Albizturko Antalis enpresako ELA, LAB eta langile batzordeak pasadan ostiralean zuzendaritzarekin Madrilen izandako bileran akordio batera iritsi zirela jakinari dute. "Tamalez" lanpostuen defentsa ez dela lortu adierazi dute baina kaleratzeengatik zuzendaritzak hasieran eskainitako kalteordainak %250 gehiago izatea lortu dela nabarmendu dute. Zentzu horretan "Borrokak irteera askoz ere duinagoa ekarri duela" azpimarratu dute.

ANTALIS-eko GATAZKAN AKORDIOA
ELA, LAB eta Antaliseko langile batzordearen oharra

2013ko azaroaren 28an ANTALIS-eko zuzendaritzak Albizturren duen lantegia itxi nahi zuela iragarri zuenetik lau hilabeteko gatazka gogorra izan da. Greba, manifestazioak, kontzentrazioak, enkarteladak, kotxe karabanak, Madrilen egindako mobilizazioa, otsailaren 15ean lantegian bertan egindako ekintza ikusgarria… Hamaika izan dira Albizturko lantegiko langileak egin behar izan dituzten ekintzak. Ez da talde handia (39 kaleratu ziren hasiera batean), baina etorkizuna jokoan izanik, ez zieten beste aukerarik utzi.

Bitarte honetan, lantegiaren bideragarritasuna izan da helburu nagusia. Gatazkaren amaiera arte ANTALIS-eko zuzendaritzarekin lanpostuak mantentzeko konpromezua lortzen saiatu gara, behin eta berriz. Bide horretan, Tolosaldea Garatzen eta Gipuzkoako Aldundia lagun, bideragarritasun plan bat martxan jartzea ere lortu da. Baina bide horretan egindako saiakera guztiak ez dute multinazionalaren asmoa aldarazi.

Nabarmentzekoa da, kontsulta epean ANTALIS-eko zuzendaritzak langileak ixiltzeko asmoz, kalteordainak ordaintzeko eskaintza dexente handitu zuela: urteko 45 egun, 24 hilabeteko topearekin.

Hala eta guztiz, langile batzarrak aurrera egitea erabaki zuen, eskaintza ukatuz, honek zekarren arriskua bizkar gainean hartuz, baina irtenbide hobeago bat lortzeko helburuarekin. Modu honetan, otsailaren 14an 37 langile kaleratuak izan ziren (2 langile Bizkaiko lantegira lekualdatu zituzten), hitzarmenak ezartzen duen kalteordain minimoa jasoaz, hau da, urteko 30 egun, 12 hilabeteko topearekin. Kalteordain guztiak batuta 1.100.000 euro.

Pasa den ostiralean, langile ordezkariak, LAB eta ELA sindikatuetako abokatu eta arduradunekin batera, Madrilera joan ginen, eta egun osoan negoziaketa gogor batean aritu ondoren, enpresaren azken eskaintza hobetzea lortu genuen. Guztira, 2.700.000 € ordaintzeko eskaintza. Ordaindutakoa baino % 250 gehiago, kontsulta epean eskainitakoa baino 600.000 euro gehiago. Banaketa, aintzinatasunaren araberakoa izango zen gehiena (ia % 90a), baina denontzat kopuru lineal edo berdin batzuk bermatuz.

Herenegun, larunbat goizean, langile batzarrak azken eskaintza hau aho batez onartzea erabaki zuen, eta beraz, biharko ezarrita zegoen epaiketa egin beharrean, Bilboko Auzitegi Nagusian akordioa formalizatu egingo da.

Ez da enpleguaren suntsiketa geldiaraztea lortu kasu honetan, baina egia da ere borrokak irteera askoz ere duinagoa ekarri duela. Langileek, ahalegin guztiak egin dituzte irtenbiderik hoberena bilatzeko, eta hori horrela izan ezean, bukaera hau lortzea ezinezkoa litzateke.

Bukatzeko, bidean lagun izan ditugun guztioi eskerrak eman nahi dizkiegu, eta bereziki, Tolosaldea Garatzen, Gipuzkoako Aldundia, Albizturko Udalari, Tolosako Udalari, Ibarrako Udalari, eta noski, hainbat mobilizazioetan parte hartu duten Tolosaldeako langile eta militante guztiei."

Albizturren, 2014ko martxoaren 31n

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hobekuntza gehiago lortzeko aukerak egon arren, Arabako kirol jardueretan deitutako lanuzteak desaktibatu dira

LABek patronalari eduki gehiago ateratzeko aukera zegoela uste bazuen ere eta burututako asanbladetan borroka mantentzea defendatu duen bitartean, gainerako sindikatuek nahikotzat jo dute patronalaren azken proposamena eta, ondorioz, asteazkenean, urriak 7, hastekoak ziren lanuzteak bertan behera uztea defendatu dute.

LABen greba orokorrerako prest gaude, eta deialdia adosteko lanean ari gara beste sindikatuekin

Langileen aldeko politika birbanatzaileen alde presioa areagotzeko momentua da: errentismoaren eta espekulazioaren kontra eta soldata duinen alde.

Bizkaiko suhiltzaileak kalera itzuliko dira berriz, lan-osasuna bermatzeko neurriak eskatzera

Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileek mobilizazioei ekingo diete berriro, eta bihar, urriaren 7an, kalera aterako dira osasunaren eta segurtasunaren arloko hobekuntzak aldarrikatzeko, bai eta beren kategoriako errekonozimendu profesionala aldarrikatzeko ere. 11:00etatik 12:00etara egingo dute mobiliizazioa, Batzar Nagusietatik abiatuta, Bilboko Hurtado Amezaga kalean eta Foru Jauregiaren aurrean amaituta, Kale Nagusian.