2026-10-12
HomeEkintza SindikalaGarbiñe Aranburu: "Tubacex-ek momentua baliatu nahi du enplegua suntsitzeko, eta horretan bidelagun...

Garbiñe Aranburu: “Tubacex-ek momentua baliatu nahi du enplegua suntsitzeko, eta horretan bidelagun du Jaurlaritza”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan elkarrizketatu dute, gaurkotasun gaiak hizpide. Tubacex-eko gatazkari buruz aritu da, eta enpresak enplegua suntsitzeko estrategian Eusko Jaurlaritzaren babes osoa duela salatu du. “Jaurlaritzak babesa ematen die Tubacex edo ITP bezalako enpresei, egoera koiuntural baten aurrean enplegua suntsitzeko. Eta enpresek, lan erreforma eskuetan, oso erraza eta oso merke suntsitu dezakete enplegua”, adierazi du, eta egoera koiuntural batean egiturazko neurriak hartzen ari direla deitoratu du.

Garbiñe Aranburuk nabarmendu du enpresak, hasieratik, ez duela akordiorik nahi izan. “Mehatxu baten gainean oinarritutako negoziazio prozesu bat inposatu nahi izan du, eta ez da ahaztu behar Tubacex taldea azken urteetan irabazi izugarri handiak izan dituela, dibidendu banaketa itzela izan duela eta enpresak diru publikoa jaso duela”.

Idazkari nagusiaren hitzetan, “Tubacex-ek momentua baliatu nahi du enplegua suntsitzeko, eta horretan bidelagun du Jaurlaritza”. Azpimarratu du ez dagoela bestelako ezerri buruz hitz egiteko aukerarik, kaleratzeen mehatxua mahai gainean egonez gero: “Bestelako neurrietaz, neurri koiunturalei buruz, etorkizun batean berreskuratzeko aukerekin, eta enpleguaren berme argi batekin, guztiari buruz hitz egin daiteke, baina ez dago enpresaren borondaterik horretarako, eta Jaurlaritzak ez ditu horrelako negoziazioak bilatzen”.

Martxoaren 8a, txertaketa kanpaina eta sektore publikoan apirilaren 22rako deitutako greba ere izan ditu hizpide, besteak beste. Aipatutako grebari dagokionez, ohartarazi du prekaritatea eta egonkortasun falta ez direla sektore publikotik kanpo geratzen diren kontuak: “Hainbat eta hainbat interino daude egoera ezengonkorrean, eta hori guztia erregularizatu behar da. Enplegua defendatu behar da sektore publikoan. Mobilizatzeko behar bat ikusi dugu, eta deialdia hor dago”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako ikuskizunetako teknikari eta laguntzaileek greba arrakastatsutzat jo dute eta hitzarmen duina eskatzen dute

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek eta laguntzaileek larunbatean deitutako grebak jarraipen zabala izan du sektoreko langileen artean eta ondorioz hainbat kultur jarduera bertan behera geratu dira. Horien artean, Gayarre Antzokian aurreikusitako ikuskizuna, Baluarteko areto nagusian programatutako dantza emanaldia eta Civivox Pompelon eskainitako emanaldi bat daude. Gainera, Baluarteko hitzaldiak soinurik eta argirik gabe egin dira.

Gaur, urriak 12, ez daukagu ospatzeko ezer

LAB sindikatuak planto egin ohi die inposatutako jai egunei, Euskal Herriarentzat lan egutegi propio baten aldarria egiteaz gain. Hala, urriaren 12an, delako “Hispanitate Egunaren”...

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.