2026-10-06
HomeEkintza SindikalaGreba egin dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, lan baldintza eta zerbitzu duinen defentsan

Greba egin dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, lan baldintza eta zerbitzu duinen defentsan

Greba eguna izan dute Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek euren lan-baldintzak duindu eta zerbitzua hobetzea eskatuz. Manifestazio bateratua egin dute Donostian langile eta egoiliarren senideen elkarteek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzatik hasita. Martxoaren 30erako ere greba dute deituta.

Krisi honek modu zuzenean jo du helduen egoitzetako langile eta egoiliarren kontra, baina ulergaitza izan arren egoerak berdin jarraitzen du, 2012tik herrialdeko hitzarmenik gabe, langile ratio berdinarekin 2006. urtetik… Izan ere, LAB sindikatua ez dator bat azken egun hauetan Maite Peñak egindako adierazpenekin, ratioak %10 igo direla esan du. Laguntzaile edo gerokultore kategorietan minutu batzuk irabazi dituzte COVID 19 egoera dela eta, ohe kopuru bat hutsik laga behar dutelako beste agerraldiren bat etorriko balitz, eta monitore eta psikologo kategorietan ratioak ez dituzte mugitu. Zer gehiago gertatu behar da helduen egoitzetako sisteman aldaketak emateko? Noiz hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia beraien ardura onartzen eta behar diren pausuak ematen egoera aldatu dadin?

Ezin dugu ahaztu langileak lanera joateagatik gaixotzen ari direla, lan karga eta erritmoak handitu egin dira eta enpresetan ez dira lan arriskuen ebaluazioak egiten, nahiz eta legeak hori eskatu.

Ezin dugu onartu egoilarrek eta langileek bizi duten egoera gogor hau denbora gehiago luzatzea, denen ardura delako zaintzan oinarrituta dagoen zerbitzu sozial hau defendatzea, jendartearen ardura delako pertsona hauen ongizatea.

Helduen egoitzetako langileek urteak daramatzate beraien eskubideen defentsan borrokan nahiz eta, orain ere, euren greba eskubidea %100 zerbitzu minimoekin urratuta izan den, eta bizi duten egoera bortitz honen aurrean tinko helduko diote borrokari. Langileez gain jendartea aktibatzeko garaia da. 

Helduen egoitzetako sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena izateko garaia da, eta, hau lortzeko, sektoreko alde guztien parte hartzea ezinbestekoa da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.