2024-05-07
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak ez dira joango Funtzio Publikoaren Mahai Orokorreko...

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak ez dira joango Funtzio Publikoaren Mahai Orokorreko bilerara

Eusko Legebiltzarrean, aurrekontuen lege-proiektuaren tramitazioan neurriek okerrera egin dute.
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak ez dira joango bihar -abenduak 15- Funtzio Publikoaren Mahai Orokorreko bilerara. Sindikatu bi horiek azken bileran adierazi zutenez, ez ziren mahai horretara itzuliko ez baziren erretiratzen mahaitik zerbitzu publikoak eta lan-eskubideak murrizteko proposamenak, eta baita erretiratu ere Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen proiektuan egindako murrizketei estaldura ematen dieten zuzenketak. Eta, gaurko egunean, negoziazio-mahaitik proposamenak erretiratu beharrean, PSEren eta PPren artean adostu dute zerbitzu publikoak murrizten dituen Aurrekontu-egitasmoari bide ematea, eta aipaturiko egitasmoaren 19. artikulua aldatzen duten zuzenketak onestea, Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorrean proposaturiko neurriak sartzeko, eta ondorioz pertsonal-gastuak gutxitzeko, borondatezko erretiroagatiko primak kentzeko, eta gaixotasun arruntaren aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak ezabatzeko.

PSEk eta PPk atzo, azken orduan, zuzenketa partzialen eztabaidan proposamen bat adostu zuten, aipaturiko neurriak txertatzeko, pertsonalaren lansariak arautzen duen lege-egitasmoaren 19. artikulua aldatzearen bidez. Zuzenketa hori onetsi zen, sozialisten eta popularren aldeko botoei esker, gainerako taldeek aurka egin bazuten ere. Gaixotasun-bajen osagarriak kentzeko zuzenketa atzo bertan izapidetu zuten premia bidez. Horrela, gure iritziz, enbidoa egin diete herri-langileei. Aurrekontuekin batera doan legea, atzo onarturiko zuzenketa sartu ondoren, behin betiko onespena jasotzen baldin badu, euskal administrazioetako langileek ez dute euro bat bera ere jasoko bajaren lehenengo hiru egunetan, 4. eta 21. egunen bitartean soldataren %60, eta 21. egunetik aurrera soldataren %75. Neurri horien bidez ez dira zigortuko baja "gehiegi" hartzen duten langileak (baleude), benetan gaixorik eta lanera joan ezinik daudenak baizik.

Gainera, beste puntu bat gehitu dute: adina dela-eta lanaldia murrizteko aukera kentzea. Neurri hori, zerbitzuen kalitatearen kalterako ez ezik, enplegu publikoaren kalterako ere izango da.

Azken batean, Mahai Orokorraren negoziazio kolektiboa kolpe batez pikutara bidali dute. Eta zuzenketa horien bidez soldata-igoerak ekarri ahal dituzten akordioak, indarrean daudenak, urratuko dira bai Administrazioan bertan, bai enpresa publikoetan.

ELA eta LAB sindikatuek, STEE-EILASekin batera, mobilizazio-egutegi bat aurkeztu dugu, murrizketak bortxaz ezarri nahi izateagatik. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez du batere negoziazio-borondaterik erakutsi, proposamenak negoziazio-mahaian aurkeztu baditu izapide hori betetze hutsagatik izan da; baina benetako asmoa argi geratu da: aurrekontuekin batera doan legean zuzenketen bidez sartzea. Horregatik, mobilizazioak egingo ditugu, negoziazio-itxurak egitera prest ez gaudela ondo agerian utziz, amaiera aldez aurretik ezaguna baita.

Dena dela, benetako negoziazio-prozesu bati ekiteko borondate garbia berriro adierazten dugu, baina aurretiazko ezarpenik gainean eduki gabe. Horretarako, beharrezkoa litzateke zuzenketak erretiratzea, eta baita euskal gizartearen beharrizanak asebetetzeko sektore publikoa bultzatzeko konpromisoa ematea ere, zerbitzu publikoak bultzatuz, murriztu beharrean. Enplegu publikoa sortuz lagunduko zaio susperraldi ekonomikoari; batez ere orain, krisi garaian, beharrizanak sekula baino gorriagoak direnean, langabezia eta gizarte-bazterkeria izugarri goraka doazenean.

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuak joan den astean iragarritako mobilizazioak prestatzen ari gara. Lakuan ere elkarretaratze bat egingo dugu, Funtzio Publikoko Mahai Orokorraren bilera egitearekin batera.

Gasteizen, 2011ko abenduaren 14an
ELA, LAB, STEE-EILAS

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.