2026-10-01
HomeEkintza SindikalaJaurlaritza prest al dago lan istripuen egiturazko arazoa agenda politikoan kokatzeko?

Jaurlaritza prest al dago lan istripuen egiturazko arazoa agenda politikoan kokatzeko?

Iaz, gutxienez 75 langilek bizitza galdu zuten lanean. Aurten, gutxienez 7 langile hil dira lanean Euskal Herrian eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegian iazko otsailaren 6tik. Bada, asteazkenean, baso langile bat hil da Ugaon, garbiketa eta mozte lanetan zegoela zuhaitz bat gainera erori eta bertan zendu da.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik, gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko eta gertukoei.

Baso sektoreko jarduerak arrisku anitz ditu. Langileek lan desberdin asko egiten dituzte, askotan bakarrik, zenbaitetan gogorrak eta neketsuak. Orografia berezian lan egiten dute, zarata pairatzen dute, estres termikoa, makinaria askotarikoa erabiltzen dute. Horrek sektoreko ezbehar tasa altua eragiten du. Gainera, lan arriskuen alorrean prestakuntza gutxi jasotzen dute. Honek eragina dauka jasan behar duten istripuen tasa altuan. Basogintza sektoreko langileek istripu larri eta hilgarriak izaten dituzte. Sektoreko langileok arriskupean daude. Beraz, Administrazio Publikoei eskatzen diegu lehenbailehen neurriak har ditzatela langileon lan eta bizi kalitatea hobetzeko, baita ere lan arriskuen alorrean formakuntza plana martxan jarri dezatela.

Laneko biolentzia arazo larria da, arazo estrukturala, inposatzen dizkiguten politika neoliberalaren ondorio zuzena. Prekarietateak hil egiten gaitu. Eusko Jaurlaritzari galdetzen diogu zein pauso emateko prest dagoen egoera eta eredu hau geldiarazteko. Prest al daude lan istripuen egiturazko arazoa agenda politikoan kokatzeko?

LAB sindikatuan argi dugu, bizitza eta lan duinak behar ditugu. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Sarraski honekin amaitzeko eredu berri bat gauzatu behar dugu, interes ekonomikoen gainetik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Klase sindikatuak erantzun irmoa eman beharra du, langileria eta gizarte osoa martxan jarriz. Horregatik, azken istripua salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diogu langile klaseari.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.