2024-05-06
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaNafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzaren neurri arbitrarioak eta inprobisazioa salatzen ditugu

Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzaren neurri arbitrarioak eta inprobisazioa salatzen ditugu

Iazko azaroaren 5ean, Indurain kontseilariak iragarri zuen Osasun Zuzendaritza Nagusiak 2020. urtea bukatu baino lehen aurkeztuko zituela egoeraren azterketa bat eta “berehalako ekintza-plan bat”, kontsulta-fase bat eta “parte-hartze zabala” izango zituena. Agindutakotik deus ere ez da bete, eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren jarrera oso urrun dago langileen eta herritarren parte-hartzea eta adostasuna bilatzetik.

LAB sindikatutik berriz ere salatu nahi dugu Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzaren jarrera; izan ere, ez du ezer egin nahi aspalditik modu endemikoan arrastaka daramatzagun eta pandemiarekin agerian gelditu diren gabezia larriak konpontzeko.

Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasotzen denez, Oinarrizko Osasun Laguntza “lehentasunezko lerroa” da, eta aurrekontu osoaren % 15,54 hartzen du. LABen ustez, hori positiboa da, baina ez da nahikoa. Gainera, erabat gaitzesten dugu aurrekontu hori produktibitateak ordaintzeko erabiltzea, eta, modu horretan, oinarrizko osasun laguntzaren gabeziak partxeatzen saiatzea.

Joan den otsailaren 26an Osasunbideko Langileen Batzordea Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzarekin bildu zen, eta bilera hartatik ondorio hauek atera genituen:

  1. Ez dute ezer egiteko asmorik Oinarrizko Osasun Laguntzak dituen egiturazko gabezia larriei aurre egiteko.
    Esaten dutena gorabehera, oinarrizko osasun laguntzarako ustezko aurrekontu-igoera hori ospitalez kanpoko larrialdietara bideratu dute, eta modu horretan partxeatu dute osasun etxeetan egin beharko litzatekeen arreta-zerbitzua. Asistentzia guztia larrialdi zerbitzu horretan zentralizatzearen alde egin dute, osasun etxeak indartu beharrean. Erabaki dute inbertsiorik ez egitea osasun etxeetan baliabide material gehiago izateko (azpiegiturak, instalazioak, baliabide teknikoak) eta giza baliabide gehiago izateko. Badirudi ez zaiela interesatzen. Auzoz auzo eta herriz herri egindako ekintza bultzatu beharrean, nahiago izan dute inbertsioa zentralizatu, honako ondorio hauekin: neurriz kanpoko gastua aparteko orduetan (produktibitatea), irizpiderik gabeko lanaren antolaketa eta kontratazioak (maila desberdinetako arakatzaileak daude, soldata desberdinekin baina funtzio berberekin), lan baldintza penagarriak.
  2. Inprobisazioa Covid-ak ekarri duen panorama berriaren aurrean: txertaketa. 
    Txertaketa-taldeak nola antolatu behar dituzten galdetuta, ez genuen erantzun zehatzik jaso. Ez dirudi osasun etxeetan txertoak jartzeko antolaketa-estrategia argi bat prest dutenik. 
  3. Murrizketak ez dira bukatu: telefono bidezko arreta lehenesten da aurrez aurreko arretaren aurretik, eta ez dute plantilla indartu nahi. 
    Kontsulta telematikoak mantentzearen alde egiten dute, aurrez aurrekoaren kaltetan. Horrenbestez, profesionalak pazienteengandik gero eta urrutiago daude, eta komunikazioa gero eta zailagoa da. Nahiago dute telekomunikazioetako enpresa pribatuen interesetara makurtu, arretaren kalitatean sortzen ari den arrakalaz kezkatu gabe. Izan ere, ezaugarri kulturalak, sozio-ekonomikoak edo adinari lotuak direla kausa, gero eta zailagoa gertatzen ari da herritarren sektore ahulenei kalitatezko laguntza ematea, besteak beste, adinekoei, migratzaileei eta langile prekarizatuei.

Horiek dira, azken batean, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzarekin egindako bileratik atera ditugun ondorioak. Ez dituzte plantillak indartuko, ez orain dauden kategorietako profesional gehiagorekin (medikuak, erizainak, gizarte-langileak, administrariak), ez eta beste kategoria berri batzuekin ere (psikologoak, fisioterapeutak edo EZLTak; azken horiek duela gutxi txertatu dira laguntza taldeetan, baina Zuzendaritzak erabaki hori zalantzan jartzen du).

LABek Osasuneko kontseilariak eta, beraz, PSNren, Geroa Bairen eta Podemosen Gobernuak aukeratutako kudeaketa-ildo hori salatu nahi du. Berehala zuzentzea eskatzen dugu, eta, horrekin batera, herritarren osasuna hobetzeko helburuak interes pribatuen aurretik jartzea, lobby ekonomikoen eta erakunde korporatiboen interes pribatuetara makurtu gabe.

Ildo horretan, LABek bi ekimen aurkeztu ditu, batetik, Oinarrizko Osasun Laguntza berriztatzeko (Hazia), eta bestetik, plantillak dimentsionatzeko, zainketak oinarri dituen ratioen lege baten bidez (LOREA). Inola ere onartuko ez duguna da, kontratazio gehiago egin beharrean, produktibitateak ordaintzea (15 milioi euro iaz) plantillako gutxiengo bati.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.