2026-10-02
HomeEkintza PolitikoaUrtarrilaren 12ko mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu, monarkiaren aurka eta adierazpen-askatasunaren alde

Urtarrilaren 12ko mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu, monarkiaren aurka eta adierazpen-askatasunaren alde

2020ko uztailaren 27an, Felipe VI.a Espainiako erregeak Aspaceko Ramon y Cajal zentroa bisitatu zuen, enpresak berak gonbidatuta. Aurretik, 2019ko azaroaren 21ean, gauza bera egin zuen, orduko hartan Nafarroako enpresaburuek, CEN patronalak gonbidatuta, Manuel Torres enpresaburuari urrezko domina emateko eta Erregimeneko lobby batekin biltzeko, Maria Txibite lehendakariaren aurrean.


78ko Erregimenari eta kapitalari koroak emandako zerbitzuak eskertzeko antolatutako bisita horietan guztietan langileek antolatutako mobilizazioak automatikoki mugatu zituzten. Horietan guztietan urratu zituzten adierazpen eta bilera askatasunerako ditugun oinarrizko eskubideak. Helburua, kosta ahala kosta, Espainiako erregeak bere presentzia gure herritik eta errealitate sozialetik guztiz kanpo dagoela zuzenean jasotzea saihestea da.


Eta orain berriz ere salatu behar dugu monarkiaren izenean eginiko askatasunaren aurkako eraso bat. 12 laguni koroaren aurkako delitua egotzi diete eta Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dituzte urriaren 12aren harira egindako protesta ekintzengatik. Edozein demokraziatan adierazpen-askatasunerako eskubidearen erabateko babesa izan beharko lukeen ekintza izan zen hura; baina historiak berak argi erakusten digun bezala, monarkiak berak dakarren demokrazia ezaren adierazle argia bilakatu da.


Espainiako koroak 78ko Erregimena ordezkatzen eta babesten du. Erregimen horrek, errepresioaren eta prekaritatearen bidez, gure herriaren askatasuna eta subiranotasuna ukatzen ditu, lan eta bizitza duinak izateko beharrezkoa den aldaketa soziala ukatzen digu. Monarkia eta kapitala, erregeak eta enpresaburuak: batzuek menekoak nahi dituzte eta besteek esklaboak.


Langileok, gehiengo sozialak, mobilizatzen jarraitu behar dugu, Erregimena deseraikitzeko prozesuak aurrera jarraitu behar du elite kapitalistek, kontserbadoreek eta unionistek demokraziari, askatasunari eta aldaketa sozialari ateak ixten dizkion sistema kapitalista hori inposatzen jarrai ez dezaten. Horrela, 78ko Erregimena eroriko da.


Ildo horretan, LAB sindikatutik bidegabekeria horri amaiera ematea eskatzen dugu; 12 pertsona horiek deklaratu beharko dute, eta gure babes eta elkartasun osoa adierazten diegu. Halaber, dei egiten diegu Nafarroako langileei urtarrilaren 12an, 10:00etan, Nafarroako (in)Justizia Jauregiaren aurrean eginen den mobilizaziora joan daitezen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.