2026-10-01
HomeZerbitzu PribatuakGarbiketaGipuzkoako Garbiketa hitzarmena inoiz baino beharrezkoagoa

Gipuzkoako Garbiketa hitzarmena inoiz baino beharrezkoagoa

Patronalaren Langileen Estatutua inposatzeko alde bakarreko erabakiaren aurrean, sindikatuek gatazka kolektiboko prozedura judizialari ekin zioten Gipuzkoako Garbiketa Hitzarmenaren defensan. Azaroaren 27an hitzarmenaren ultraktibitateari buruzko epaia argitaratu zen.

Joan den uztailean, estatu mailako garbiketa patronalak, ASPELek, Gipuzkoako Garbiketa Hitzarmenaren mahai negoziatzailearen partaideei jakinarazi zien, uztailaren 8az geroztik, aipatu sektorean ezarriko zen hitzarmena estatu mailako garbiketako hitzarmena izango zela, eta hartan arautzen ez dena, Langileen Estatutua.

Patronalaren alde bakarreko erabaki honen aurrean, sindikatuok gatazka kolektiboko prozedura judizialari ekin genion, eta azaldu genuen Gipuzkoako garbiketako hitzarmenak bere ultraktibitateari eusten ziola, eta hortaz, aurrerantzean ere, aipatu sektorean erabili behar den hitzarmena izaten jarraitu behar duela. Atzo, azaroak 27, aipatu prozedura judizialaren epaia argitaratu zen; haren ondorioak nahiko argiak dira:

• Alderdien artean akordiorik lotuko balitz, edonoiz lotuko dela ere, Gipuzkoako Garbiketa Hitzarmena aipatu sektoreko langileei ezarriko zaien hitzarmena izango dela.
• Aipatu akordioa lotuko ez den bitartean, erabiliko den hitzarmena Gipuzkoako Garbiketarena izango dela, estatu mailako Garbiketa hitzarmenak arautzen dituen gaietan izan ezik, non halakoetan, azken hori ezarriko baiten.

Aipatu epaiaren ondorioz, langileen eta sindikatuen esku dago erreformaren ondorio nagusienetako bat, negoziazio kolektiboaren zentralizazioa alegia (hots, Gipuzkoako garbiketa langileen lan baldintzak Madrilen arautzea), gerarazi ahal izana.

Hortaz, inoiz baino beharrezkoagoa gertatuko zaigu aipatu hitzarmenaren negoziazioa ixten utziko digun akordioa lortzea, erreforma geraraziko duena eta langileen eros-ahalmenari eutsiko diona; hau gertatzen ez den bitartean, Gipuzkoako garbiketako langileei, neurri batean, estatuko hitzarmena ezarriko zaielako.

Une egokia da aurrera pausoa emateko eta ASPEL patronalari argi eta garbi adierazteko, ez badu negoziazio mahaian darabilen jarrera aldatzen eta ez badu akordioren bat lotzeko eskaintzarik egiten, langileok eta sindikatu guztiok ekimen irmoagoei ekingo diegula patronalaren iritzia aldarazteko. Dagoeneko, LAB premisa hori lantzen ari da, eta mobilizazio bateratuak bultzatuko ditu sektorean, inongo egoerarik baztertu gabe.

Hala ere, epai honen edukiak gure negoziazio kolektiboaren esparrua blindatuko duen akordioa lotzearen premian berresten gaitu.
  

LAB sarean
{module[111]}

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...