2026-10-01
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaCOVIDen aztarnari ekipoak indartu behar dira zerrendetan dagoen langileak kontratatuz

COVIDen aztarnari ekipoak indartu behar dira zerrendetan dagoen langileak kontratatuz

LABek uste du Osakidetzak hausnarketa serio egin eta neurri zehatzak eraman behar dituela aurrera COVID kasuen detektatu eta jarraipena egiteko gaur egun erabiltzen ari den aztarnarien sarean. Gure ustez, Osakidetza ez da zerbitzu hori modu egoki, eragingarri eta gardenean kudeatzen ari.

Hasteko, zeregin horietan aritzen den langile kopurua daukagu. EAEan lanean ari diren aztarnari taldeak eta bertan aritzen diren langile kopuruak ez dira nahikoak, kontuan hartzen badugu kasuen zenbakiak eta EAEko populazioa. Beraz, LABen ustez talde horiek numerikoki indartu behar dira, Europako beste herrialde batzuetan erabiltzen ari diren ratioak kontuan hartuta.

Bestaldetik, Osakidetzak aztarnari lanak egiteko langileak osasun zentroetatik eta ospitaleetatik atera ditu, baina langile horiek ez dira ordezkatuak izan haien lan- zentroetan; haiek utzitako hutsunea eta lan-karga gainerako kideen artean banatu behar izan dute. Egoera hau onartezina da eta, gaur egun gainezka dauden osasun zentroak eta beste zerbitzu batzuk are egoera txarragoan utzi ditu honek. Horregatik eta gehiago itxaron gabe, Osakidetzari exijitzen diogu aztanari lanetan aritzen diren langile guztiak ordezkatzeko kontratazio berrien bidez.

Osakidetzari egiten diogun beste eskaera bat hau da: aztanari lanak egiteko administrari profileko langileak kontratatuko dira lehentasunez (administrari laguntzaileak, zelariak…) indarrean dauden kontratazio zerrendetatik eta behar duten formakuntza espezifikoa emango die Osakidetzak. Ezin da ulertu pertsonal sanitarioa (batez ere erizainak, baina baita fisioak eta beste kategoria batuk ere) lan administratibo hauetan aritzea, bere zereginak bestelakoak direnean eta hainbeste zita eta kontsulta atzeraturik daudenean. Zentzu honetan, kontratazioak erabateko gardentasunarekin egin beharko dira, beti ere kontuan hartuta hizkuntza eskakizuna derrigorrezko baldintza dela, erabiltzaileekiko komunikazio zuzena mantendu behar delako.

Esan gabe doa langile hauen lan-baldintzak eta eskubide guztiak errespetatu behar direla, hala nola ordutegia, karteldegia, egun libreak…, eta kontratuen egonkortasuna bermatu behar dela.

Rastreo lanei garrantzia aitortzen badiegu, dagokion inbertsio serioa egin behar du Osakidetzak. Giza inbertsioa eta inbertsio materiala. Zerbitzu honi buruzko informazioa helarazi behar digu langileon ordezkarioi eta kontratu eta baldintza duinak bermatu behar ditu Osakidetzak. Ezin dugu onartu ez sindikatu bezala, ezta jendarte bezala ere, “rastreo” lanak inprobisazio, gardentasun eza eta prekarizazio esparrua izatea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...