2026-08-02
HomeIndustriaMetalgintzaEz dugu Gestamp taldean lanpostu suntsiketarik onartuko

Ez dugu Gestamp taldean lanpostu suntsiketarik onartuko

Gaur, irailak 29, Gestamp-eko arduradunek taldeko enpresa bi itxi nahi dituztela jakinarazi digute; Zamudioko Matricerias Deusto eta GTS, hain zuzen. Mehatxu honek 230 langile zuzeni eragingo lieke.

LAB Sindikatuak argi adierazi nahi dugu ez dugula tamainako mehatxurik onartuko. 2018an 258 milioi garbi eta 2019an 212 milioi garbi irabazi dituen enpresa taldeak, instituzioengandik diru laguntza izugarriak jaso dituenak eta Euskal Herrian sortutako aberastasuna munduan zehar lanpostu prekarioak sortzeko erabili duenean, ezin du goizetik gauera horrelako erabakirik hartu.

Instituzioek ere badute erantzukizun bikoitza, batetik Euskal Herrian Politika industrialik ez dugunaren ondorio baita; eta bestetik, ematen diren diru laguntzen jarraipen eta kontrol egokirik ez dutelako egin. Arantxa Tapia eta bere Gabineteak horrelako basakeria onartuko dute? Esan dezatela ozen, zenbat diru publiko eman dioten Gestamp taldeari.

Gestamp taldeari argi eta garbi esan nahi diogu:

1. Ez dugu lanpostu suntsiketarik onartuko. Ez dugu lan baldintzak prekarizatzerik onartuko.

2. Bideragarritasun plana egin dezala; produkzioa mantentzeko, eraberritzeko edota eraldatzeko, beharrezko inbertsioak egin ditzala.

3. LAB negoziatzeko prest gaude, beti bezala, etorkizunaz eta enplegu duinaz; ez mehatxuez, prekarietateaz eta enplegu suntsiketaz.

Talde osoaren eta taldeko langile guztien lanpostu eta lan baldintzak borrokatuko ditugu. 212 milioi garbi irabazi dituen enpresa batek ez du Euskal Langilegoari horrelakorik egiteko eskubiderik. LABek enpleguaren defentsan indarrak batu eta borrokatzeko deia egiten dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.