2024-05-05
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaBilboko Udalak murrizketa eta azpikontratazioen aurrekontuak onartu dituela salatu du LABek

Bilboko Udalak murrizketa eta azpikontratazioen aurrekontuak onartu dituela salatu du LABek

Elkarretaratzea egin du sindikatuak Azkunak eta bere taldeaak bultzatutako aurrekontuen onarpena salatzeko. Bertan LABek salatu duenez, Bilboko udalak bere aurrekontuetan azpikontratazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen dut, izan ere aurrekontuaren %30, hau da, 140 miloi euro inguru, azpikontratazioetara bideratuko da.

Azpikontratazioen aldeko apustu honek, batetik enpresa gutxi batzuk diru publikoa erabiliaz etekinak pilatzea bermatzen du eta bestetik, erabiltzaileek zerbitzu kaxkarragoa jasotzea eta langileek lan baldintza txarragoak edukitzea.

Azpikontratazioaren aldeko hautu honetaz gain, udaletxeko langileriari dagokionean, adierazgarria da, 2013ko aurrekontu orokorrak % 3,68 murrizketa bat izan arren, pertsonal gastuak %4,86an murriztu direla, hau da 7,2 miloi euro gutxiago egongo dira datorren urterako. Plantilan dauden plazaz kopurua %3,7 batean murriztu dira, gainera honen %4 bete gabe dago eta azkenik plantilaren %12 inguru bitarteko kontratupean daude.

Etxeko Arreta Zerbitzuan emango den murrizketa ikaragarria aipatu nahi genuke ere, bertako aurrekontua ia miloi batean murriztuko baita. Batetik zerbitzuak eskainiko dituen ordu kopurua murriztuko da, 25.000 ordu gutxiago eskainiko baitira, ondorioz lan postuen suntsipena ekarriaz eta erabiltzaileentzat arreta kaxkartuaz.

Zerbitzu honek eskainitako ordu kopurua murrizteaz gain, ordu hauengatik azpikontratatutako enpresari ordainduko zaien prezioa ere murriztuko zaie. Ziur gaude murrizketa hau sektoreko langileen bizkar joanen dela, jada prekarietatea pairatzen duten emakume langile hauen gain.

Adierazgarria da Berdintasun, elkarlan eta hiritartasun sailak jasaten duen murrizketa latza %30 ingurukoa, honen pisua aurrekontu osoan %1ra iristen ez delarik. Honek argi erakusten digu zein den udaletxearen jarrera, eta bereziki parekidetasunaren alde lan egiteko borondate eza.

Bilbon bizi edo lan egiten dugun guztioi eragingo digun beste ezkutuko murrizketa bat, Bilbobusen emango dena da. Izan ere nahiz eta bertara bideratutako diru kantitatea mantenduko den, autobus zerbitzuen murrizketa bat emango da, maiztasunak murriztu egingo bai dira eta zerbitzuaren baldintzak kaxkartuko dira, egoera honek Bilbobuseko langileengan ere eragina izango duela bistakoa da.

Amaitzeko aipatu nahi genuke, astakeria bat iruditzen zaigula, egun bizi dugun egoeran 9,3 miloi euro Deustuko kanala zabaltzera bideratzea (hiru urtez 30 miloira iritsiko den gastua), askoz egokiago litzateke dirutza hau jendearen eskubide sozialak bermatzera bideratuko balitz. Are eta uler gaitzagoa egiten zaigu, 9,3 miloi horietarik 5 Udal Etxebizitza zerbitzuak jartzea eta horretarako honen ondasunak saldu behar izatea, dirutza hau berehala erabili beharko litzateke dagoen etxebizitza beharrari aurre egiteko.

Argi dago beraz Bilboko udalak eraikuntzaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela, proiektu erraldoien bidez, honen adierazgarri da ere, orokorrean tasa eta bestelako zergak, bataz beste %2,5 igo arren, eraikuntza alorreko enpresei eragiten dieten hainbat salbuespen eta deskontu ezarri dituztela. Zerga bilketa murriztuaz, sektore hau bultzatzeko intentzioz, baina argi geratu da azken urteetan hau ez dela langabeziarekin amaitzeko bidea, 30.859 Bilbotarrek pairatzen duten langabeziari ez zaio horrela aurre egiten.

 

MOBILIZAZIOAREN ARGAZKIAK

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.