2026-10-02
HomeEkintza PolitikoaLABek sakabanaketarekin eta salbuespen neurri guztiekin amaitzeko exijitzen du

LABek sakabanaketarekin eta salbuespen neurri guztiekin amaitzeko exijitzen du

Ezer baino lehen, elkartasun besarkada estu bat helarazi nahi diegu Mikel Egibar preso politikoari eta bere familia osoari momentu samin hauetan.
Mikel Egibarren familiak izan duen istripua aurtengo bederatzigarrena izan da eta, beste guztiak bezala, hau ez da ezbehar hutsa, baizik eta bulegoetatik diseinatutako euskal preso politikoen kontrako mendeku politika argi baten ondorio larria.

Euskal Herriak ozen aldarrikatu du behin baino gehiagotan euskal preso politikoen kontrako politika errepresiboekin amaitu beharra dagoela: bizi osorako kondenak eta ad hoc asmatutako dotrinak, Europatik ere baliogabetuak izan direnak; gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak espetxean mantentzeko erabakia, minimo etikoen kontrakoa ez ezik, euren legeen kontrakoa ere badena; eta sakabanaketa politika, elkartasunarekin amaitzea lortu ez duena, nahiz eta presoen lagun eta senitartekoak astero euren biziak arriskuan jartzera behartzen dituena.

Preso politikoen kontrako mendeku politiken iraupena PPren gobernuaren itxikeriaren isla argia dira. Sekula existitu behar izan ez diren salbuespen neurri horiek, oraindik orain herri oso bat salbuespen egoeran mantentzen ari direnaren seinale ditugu. Behingoz pausuak egitea euskal jendartearen aldarrikapen zabala da, nazioartetik egiten den aldarrikapen zabala da. Ordua da estatu biek aldarrikapen hauek entzun eta behingoz urratsak egin ditzaten.

LAB sindikatuak sakabanaketarekin eta salbuespen neurri guztiekin amaitzeko exijitzen dio PPren Madrileko gobernuari. Errezeta zaharretan tematurik jarraitzea, blokeo egoeran irautea ez da onuragarria, inorentzat ere ez. Iosu Uribetxebarria presoak esan bezala, gorrotoa eta krudeltasuna mugara arte eramateak ez du ezer konpontzen; sufrikarioa areagotzea ez da bidea.

Era berean, Gasteizeko gobenuari exijitzen diogu, senideak jazarri ordez, atzo bertan Donostiako ospitalean egin bezala, euskal herritarren aldarrikapenak jaso eta bere egin ditzala.

Amaitzeko, alderdi eta instituzioei orohar dei egiten diegu mendeku-espetxe politikarekin behingoz amaitzeko bidean behar diren konpromisoak har ditzaten.


Euskal Herrian, 2012ko abuztuaren 8an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.