2024-05-02
HomeEkintza SozialaLAB: «Ez daude diren guztiak»

LAB: «Ez daude diren guztiak»

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak publiko egin duen sententziak baieztatu egin du Gipuzkoako Foru Ogasuneko iruzurrari buruz sindikatu honek etengabe salatutakoa.

LABen irakurketa Gipuzkoako Foru Ogasuneko iruzurraren gainean Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak publiko egindako sententziaren harira
Ez daude diren guztiak

«Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Jose Maria Bravo eta Rosa Cobos zigortu ditu, delitu hauengatik: diru publikoa bidegabe erabiltzea; prebarikazio administratiboa; dirua zuritzea; eta ondasunez jabetzea. Horrenbestez, Auzitegiak baieztatu egin du Gipuzkoako Foru Ogasuneko iruzurrari buruz sindikatu honek etengabe salatutakoa.

Behin baino gehiagotan esan dugu, eta orain ere berresten dugu, bide penalean gutxi batzuk eraman direla auzitara, Gipuzkoako lapurretaren erantzuleak askoz gehiago direla. Beste horiek erantzukizuneko karguak zituzten Foru Ogasunean, eta Tolosa etorbideko eraikin ezagun horretan dauden enpresetakoak ziren, aldi berean.

Ezin ahaztu, ezta ere, iruzurra onartu eta, askotan, sustatu dutenak, Ogasuneko beren kudeaketa-eredu ilun eta adiskidekeriari lerratuaren bidez. Asko dira. Diogunaren adibide bat: 2005ean egin zuten txosten bat dela-eta (Bajas por insolvencia del año 2003 zuen izena), Foru Ogasuneko Kontuhartzailetza eta Auditoretza Zerbitzuak gomendatzen zuen txosten hori Herri Kontuen Euskal Epaitegiari bidaltzea, hark erabaki zezan ea bidezkoa zen kontabilitate erantzukizuneko espediente bati hasiera ematea, baina arduradun politikoek artxibatu egin zuten delako txostena.

Ikerketa batzordeetan, ardura politikoak dituen bat baino gehiago izan da erantzule gisa seinalatua. Horien guztiei zegokien beren erantzukizun politikoak uztea berehala, eta iruzurrean izan duten zeregina jendearen aurrean azaltzea.

Hona hemen izen batzuk:

• Victor Bravo. Jose Maria Bravoren anaia, Gipuzkoako Foru Ogasuneko zuzendari ohia, EAJko senatari ohia. Fiskaltzak leporatzen dizkio herri ogasunaren aurkako bost delitu, prebarikazioko delitu bat, eta beste bat delituak eragozteko obligazioa ez betetzeagatik. Eta Victor Bravori bezala, Rufino Eizagirre Olkozi, zeina izan zen Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Kabineteko Bulego Teknikoko buru, Joxe Juan Gonzalez de Txabarriren agintaldian (EAJ).

• Antton Market. Foru Ogasuneko diputatua (EAJ), Victor Bravo Ogasuneko zuzendari izan zen garaian.

• Jose Maria Bravo zigortua. Bere anaiak jarri zuen Irungo Zerga Bulegoko buru, nahiz eta ez zituen baldintzak betetzen.

• Eneko Goia. Gaur egun zinegotzi da Donostiako Udalean. Ogasuneko Antton Market diputatuaren aholkulari izan zen garai haietan.

Ez da sinestekoa nola Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politiko gorenak (EAJ) ez ziren ohartu Bravo anaien negozioez, haien luxuzko autoez, itsasontziez, hegazkinez eta luxuzko txaletez. Nola ez ziren ohartu haien negozioak bateraezinak zirela funtzionario izaerarekin. Nola ez ziren ohartu “Glass Costa Este Salou SL” higiezinen enpresa katalanak egin zuen iruzurraz, Bravo eta Eizagirre oniritziarekin, fiskaltzaren arabera “munta handiko zerga onurak” onartu baitzizkieten, nahiz eta ez zuten horretarako eskubiderik. Erakundeetatik erauzi behar dugun kudeaketa publikoaren eredu txar bat dugu aurrekoa.

Eta horixe izan da EAJk erakutsi duen eredua, gehiengo izan duen lekuetan. Hor ditugu, besteak beste, Gipuzkoako eta Bizkaiko ogasunetako kasuak, eta Arabakoa.»

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.

Patronalaren lawfarea salatzen dugu: espainiar poliziak Oscar Reina atxilotu du Iruñean, 2015eko adierazpen batzuengatik enpresa batek Sevillan jarritako salaketa baten epaiketaren data jakinarazteko

Maiatzaren Lehenaren karietara LABek Iruñean antolaturiko manifestazio eta ekitaldi nazionalean parte hartu eta hurrengo egunean, espainiar poliziako agenteak SAT sindikatu andaluziarraren bozeramaile Oscar Reinak ostatu hartu duen Iruñeko hotelean agertu dira eta atxilotuta eraman dute.
00:04:13

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.