2024-09-19
HomeIndustriaFederazioaCEN-en egoitzaren aurrean bildu gara, industriaren defentsan

CEN-en egoitzaren aurrean bildu gara, industriaren defentsan

Nafarroako enpresarien elkargoaren (CEN) egoitzaren aurrean bildu gara gaur, Iruñean, industriaren defentsan. Hain zuzen ere, hitzarmenak eguneratzeko eta industriako langileen lan baldintzak hobetzeko mobilizatzen ari gara egunotan. Donostian izan ginen asteartean, Gasteizen atzo eta Iruñean, gaur. Industrian aberastasuna banatzeko garaia dela aldarrikatzen ari gara, eta, helburu horrekin, Bilbon egingo dugu manifestazioa bihar, 11:30ean, Confebasken egoitzatik abiatuta.
 
LAB sindikatuko Industriako hainbat kidek elkarretaratzea egin dute gaur Nafarroako Enpresaburuen Elkargoak Iruñean duen egoitzaren aitzinean patronalari hitzarmen duinak galdegiteko. Izan ere, azken datuaren arabera Nafarroan 1.852.599.000 euroko irabaziak lortu zituzten industriako enpresek urte batean, eta LABek uste du badela garaia industrian aberastasun hori banatzeko, lan hitzarmenak eguneratuz eta industriako langile guztien lan baldintzak hobetuz.

Elkarretatzearen bukaeran, Maider Caminosek, LABen Industria federazioko Nafarroako arduradunak, honako adierazpenak egin ditu:

“Enpresak irabazi handiak izaten ari dira. 2017An, Nafarroako ekonomiak % 3,2 gora egin zuen eta enpresek irabazi handiak izan zituzten. Lau urte daramatzagu hazkundean, eta industriaren jarduera krisi aurreko garaietako mailara iritsi da; urte hauetan langilekako produktibitatea %11 igo baita.

“Horiek Nafarroako egungo egoera ekonomikoa islatzen duten datu batzuk baino ez dira. Eta datu horiek ez ditu LABek asmatu. Datu ofizialak dira, patronalak berak publikoki zabaltzen dituenak”.

“Baina Nafarroako industriako langileen egoera oso bestelakoa da. Prekarietatea gero eta handiagoa da, bereziki kontratazio berrientzat. Gazteek ezin dute industrian lan egin eta lanean hasteko zortea dutenek zabor kontratuak izaten dituzte. Lau langiletik bakarra emakumea da. Ez dago aukera berdintasunik lanerako sarbidean. Langile asko hitzarmenik gabe daude edo hitzarmen prekarioak dituzte. Negoziazio kolektiboaren estatalizazioa errealitate bat da, Nafarroako errealitate soziolaboraletik urrun adostutako soldata igoerak ezartzen dizkigute edota hainbat gai hemen negoziatzea eragozten digute”.

“Prekarietateak erantzule zehatzak ditu: patronala, instituzioak, eta UGT eta CCOO sindikatuak”.

“Patronalaren borondate hutsarekin ez dugu lortuko langileek sorturiko aberastasuna banatuko. Izan ere, ez zuten lan erreforma bat eskatu eta txalotu orain bertan behera uzteko. Aurre egiten ez badiegu, erreforma aplikatzen jarraituko dute gure kontura aberasten segitzeko. Prekarietateak prekarietate gehiago dakar eta egungo egoerarekin aberasten ari direnak, are gehiago aberasten saiatuko dira aurrerantzean ere. Lapur eta lotsagabe hutsak dira. Zenbat enpresak langileak kaleratu dituzte irabaziak eduki arren? Aste honetan bertan azken adibidea izan dugu: Gamesa-Siemens, eta sindikatu batzuen laguntzarekin izan da gainera”.

“Prekarietatea zein aberastasunaren banaketa ez dira arazo laboral huts bat. Batez ere, arazo politiko eta sozial bat da. Eta politikoa den heinean, neurri politikoak exijitzen ditu. Patronalaren jarrera ez bailitzateke posible izango politikariek ematen dieten babesik gabe. Hala, Nafarroako Gobernuari exijitzen diogu patronala behartu dezan hitzarmen duinak negoziatzera eta guk sorturiko aberastasuna banatzera. Nafarroako Gobernuari exijitzen diogu gehiengo baten alde egiteko eta ez uzteko gutxi batzuek, ia inor ordezkatzen ez dutenek, milaka langileren eta euren familien bizi baldintzak erabakitzea”.

“UGT eta CCOO sindikatuak dira egoera honen hirugarren erantzuleak. Beti prest baitaude murrizketa eta atzerapauso berriak onartzeko. Beti prest daude langileria zatitzeko, desmobilizatzeko eta beldurtzeko. Sinatzen duten hitzarmen bakoitzean atzerapauso berriak jasotzen dituzte. Defendaezina ere defendatzen dute, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa hain zuzen. Bizi dugun egoeran erantzukizun maila altua dute”.

“Baina egoera honekin buka dezakegu. LABek eremu guztietan borrokan jarraituko du lapurtu digutena berreskuratzeko. Bada garaia aberastasuna banatzeko. Bada ordua murrizketak bukatzeko. Bizi duina bermatuko duten hitzarmen duinak lortzeko garaia da. Arrazoiz beterik gaude. Baina hori lortzeko aktibazioa ezinbestekoa da. Patronala mugiarazteko sektoreetan zein lantokietan mugitu behar dugu. Eta gainerako sindikatuak interpelatu behar ditugu; egoeraren larritasunaren aurrean, sindikatu eta langile ezberdinen arteko elkarlana funtsezkoa baita”.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.