2024-09-20
HomeIndustriaEraikuntzaAdegiren jarrerak grebara eramaten gaitu Gipuzkoako eraikuntzan

Adegiren jarrerak grebara eramaten gaitu Gipuzkoako eraikuntzan

Gaurko Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren bilera egin da eta Adegiren jarrera tamalgarria izan da. Joan den astean aurkeztu zuen proposamena berretsi du inongo hobekuntzarik egin gabe, sindikatuok ez nahikotzat jo genuen arren.

Hau guztia ezezik, hitzarmenaren aplikagarritasuna hobetzeko ELAk eta LABek aurkeztutako proposamen bateratua ere baztertu du. Proposamen honekin zera lortu nahi dugu:

– Hitzarmena ez betetzeagatik, langileek jaso ez dituzten soldatak azkarrago eta errazago kobratzea nahi dugu.
– Hitzarmena betetzen dela egiaztatzeko batzorde bat sortu obrak bisitatu ahalko dituena.
– Hainbat neurri prebentibo proposatzen ditugu hitzarmena bete dadin: obra publikoen langileen sarrerak eta irteerak kontrolatzea, lan egutegi bat, aparteko orduak ezabatzea edota mugatzea, laneko parteak edota prebentzioa egiteko baliabideei formakuntza espezifikoa ematea.

Adegik ez ditu onartu. Bakarrik onartu du azpikontrata batek hitzarmenaren soldatak ordaindu ez dituela egiaztatu ondoren enpresa nagusiak ordaintzeari etengo diola, hau da, legeak dioena, besterik ez.

Adegik hitzarmena betetzen ez dela aitortu ostean, hau proposatzea benetan eskasa iruditzen zaigu. Beraz, egoera larri honen aurrean, hitzarmena aplikagarria izateko benetako neurriak hartzea ezinbestekoa da eta, horretarako, grebaren eta mobilizazioaren bidea baino ez zaigula gelditzen uste dugu. Greba ekidin daiteke Adegik hitzarmena aplikatzeko borondate zintzoa baldin badu. Bestela, borrokara joango gara eta LABek proposamen bat helaraziko dio ELAri ekainean grebaren izaera eta egunak finkatzeko.

Datorren ostegunean izango da Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren hurrengo bilera. LABen ustez, Adegi denbora luzatu nahian dabil langileen erantzuna eragozteko. Aski da!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.