2024-09-20
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Urte erabakigarria izan behar du presoen eta iheslarien etxeratzea bideratzeko"

Garbiñe Aranburu: “Urte erabakigarria izan behar du presoen eta iheslarien etxeratzea bideratzeko”

Euskal presoen eskubideen alde Sarek deitutako manifestazioarekin bat egin dugu gaur, hainbat eragile sozial, sindikal eta politikoekin batera. Bilboko martxa La Casillatik abiatu aurretik, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazi du espero duela aurtengo manifestazioa "azkenekoa izatea, hurrengo urtean honera etortzeko beharrik ez izatea". LABeko ordezkariak nabarmendu du gaixo dauden presoen askatasuna eskatzeko eta sakabanaketarekin amaitzeko adostasun zabala dagoela, eta horrek norabide horretan erabakiak ekarri beharko lituzkeela. Horrekin batera, adierazi du presoen kaleratzea eskatzeko ere "geroz eta konplizidade gehiago" eraikitzen ari direla, eta bide hori jorratu behar dela.

LABeko ordezkariak, Euskal Herritik kanpo etorritako sindikatu batzuetako zenbait kiderekin.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "Euskal Herrian adostasunak jorratzea da bidea, eragile sindikal, sozial eta politiko desberdinen artean. Hori da Ipar Euskal Herrian egin duten bidea, eta ikusten ari gara, Frantziako Gobernuaren aldetik, urrats batzuk emateko borondatea edo erabakia".

Presoen zenbait senide, Bilboko manifestazioan.

Espainiako Gobernuak ez duela bere posizioa mugitzen aitortu du, baina, LABeko idazkari nagusiaren iritziz, "gehiengo zabal batek adostasun horiek eraikitzen baditu, Espainiako Gobernua ere derrigortuko dugu urratsak ematera. Horregatik diogu urte erabakigarria izan behar duela preso eta iheslarien etxeratzea bideratzeko".
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.