2024-09-20
HomeErrepresioaLABen jarrera C’s, PP eta Vox alderdiek Altsasun egingo duten ekitaldiaren aurrean

LABen jarrera C’s, PP eta Vox alderdiek Altsasun egingo duten ekitaldiaren aurrean

Espainiako eskuinak Altsasuko herriaz egingo duen erabilera dela-eta, LAB sindikatuak honakoa adierazi nahi du:

Espainiako eskuin muturrak erabaki du C’s, PP eta Vox alderdiekin Altsasun ekitaldi bat egitea, hain zuzen ere, alderdi horiek Nafarroan garaituak izan direlako. Hirurak ala hirurak hondarreko alderdiak dira Altsasun zein Nafarroan, eta “Altsasu auzi” bezala ezagutzen den horretan galdu egin duten estatu bat eta Guardia Zibil bat defendatzetik datoz.

Nafarroako gizarteak, oro har, absolbitu egin baititu 2016ko ferietako gertaerengatik preso dauden pertsonak, eta absolbitu egin baititu Altsasuko herritarrak haien kontrako kanpaina mediatiko, judizial eta polizialaren aurrean. Kontu honetan ere, Espainiako segurtasun indarrek zilegitasun osoa galdu dute.

Baina zoritxarrez erabaki dute Altsasu erabiltzen segitzea Nafarroatik kanpo boto gutxi batzuk lortzeko. Alegia, beren interes politiko eta arderkoiei kasu eginez, Altsasu bezalako herri zigortu batera etorriko dira bizikidetza haustera eta amorrua gehiago zabaltzera.

Langileok kokoteraino gaude eta gure egiten dugu Altsasuko herritarren iritzia. Hala, pentsatzen dugu iganderako eskuinak antolatu duen ekitaldia gorroto eta mendeku ekitaldia dela, elkartasun eta batasun erakustaldia egin duen herriaren kontrako ekitaldia hain zuzen ere. Horregatik guztiagatik, Espainiako eskuin muturrak egiten duen probokazioaren aurrean, uste dugu Altsasuko herritarren batzarrak antolatu dituen ekitaldietan egon behar duela langile klaseak: azaroaren 3ko manifestazioan eta azaroaren 4ko Iortia plazako eskubide eta askatasunen gunean.

Azkenik, C’s, PP eta Vox alderdiei exijitzen diegu Altsasu bakean utz dezaten eta, oro har, bakean utz dezaten Euskal Herriko langile klase osoa.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Jaso Tower Craneseko langileek greban jarraitzen dute

Zuzendaritzaren borondate falta dela eta, greba eta mobilizazioen bideari jarraitu beste irtenbiderik gabe daude langileak. Gaurkoa bosgarren greba eguna izan dute, eta manifestazioa egin dute Idiazabalen barrena. Datorren asteartean (hilak 24) berrekingo diete lanuzteei, ostiralera arteko greba dagoelarik aurreikusita.

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.