2026-11-06
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaLAB #ResisteSAT kanpainara gehitu da

LAB #ResisteSAT kanpainara gehitu da


LAB sindikatua Sindikatua Andaluz de Trabajadores-eko (SAT) kideek ekoiztutako olioarekin antolatu duten #ResisteSAT kanpainara gehitu da. Sevillako probintziako Moron de la Fronterako kooperatiban SATeko militante eta aktibistek produzituriko olio honen salmentarekin ateratzen den dirua, Estatu espainolak Sindicato Andaluz de Trabajadores-i (SAT) ezarritako isunak ordaintzera bideratuko da.

Estatuak SATen ekinbide sindikal eta soziala estrategia bikoitz batekin indargabetu nahi izan du; alde batetik kriminalizazioa SATeko kideak gaizkileak balira bezala azalduz iritzi publikoan eta errepresioa kriminalizazio horren aitzakia aprobetxatuz errepresio eta jazarpena inposatzeko. Ezin ahantzi daiteke SATeko kideei ezarritako isunez gain, estatuak pausu bat aurrera eman zuela bere estrategia errepresiboan SATeko kide ezberdinen atxiloketekin; hauen artean Andrés Bódalo gaur egun oraindik SATekiko bere konpromezuarengatik kartzelan dagoena.

Euskal Herrian hagitz ongi dakigu errepresioa zer den, atxiloketak, dispertsioa, isunak eta abar luze bat estatuak euskal disidentziaren kontra erabilitako armak izan direlako. Gogoratu behar da Euskal Herrian errepresio sindikala presente dagoen zerbait badela greba batean parte hartzeagatik kartzelaratuak izan ziren grebalariak kartzelan baitaude bertzeak bertze.

Aipatutako guztiarengatik LABen ezin dugu bertze alde batera begiratu Sindicato Andaluz de Trabajadoresek pairatzen duen jazarpenaren aurrean, eta beraien aldetik hainbertzetan iritsi zaigun elkartasuna bueltatu nahi dugu. Olio honen salmentan eta kanpainaren hedapenean lagunduz gure ekarpen txikia egin nahi diogu kanpaina honi injustizien aurrean daukagun armarik indartsuena klase elkartasuna dela uste baitugu.

Ezin dugu kanpaina honekiko gure atxikimendu mezua bukatu LABeko Idazkari Nagusi ohia den Rafa Diez eta SATeko kide den Andrés Bódalo aipatu gabe, biak espetxean eta biak ere bere jendearekiko militantzia eta konpromisoarengatik preso. Lerro hauen bitartez biei besarkada handi bat bidali nahi diegu, azkar elkar ikusteko desioarekin.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.