2024-09-20
HomeLAB SindikatuaPeriko SolabarriaHutsune ordezkaezina utzi digu Periko Solabarriak

Hutsune ordezkaezina utzi digu Periko Solabarriak

Lokatzetan uzten dira oinatzak, kalean, eta ez alfonbra gorrietan! Gaur, inoiz baino gehiago, gogoan ditugu Periko Solabarriaren hitzak. Hitzak, eta ekintzak. Joan egin zaigu, ordezkaezina den hutsunea utziz, bai LABeko militante moduan, bai euskal herritar konprometitu gisa. Galera handi honen aurrean gure samina eta besarkadarik sentituena helarazi nahi diegu bere familia eta gertuko guztiei. 

Hitzekin eta ekintzekin janzten zuen Perikok bere eguneroko jarduna. Beti koherente, beti tinko. Langile borrokalari eta langileen eskubideen defendatzaile nekaezina zen.
Euskal herri euskalduna, sozialista eta burujabea helburu, duintasunak eta etengabeko lanak ezaugarritzen zuen. Ekintzekin eraikitzen baitzen eredua, hala zioen eta horrela erakutsi zigun LABeko militante gisa langile-borrokari eginiko ekarpen eredugarrian ere.
Kalea izan du lantoki azken hatsa eman arte. Injustizia politiko eta sozialen aurkako borrokan, izan etxegabetzeak, izan lan gatazkak, izan kutxen pribatizazioa, izan legez kanporatzeak, izan bazterketa sozialaren salaketa… Euskal Herrian eskubide politiko eta sozialen aldeko borroka non, Periko han.
Eredu dugu Periko, eta haren militantzia. Eta horrela gogoratuko dugu, gure eguneroko borroketan bidelagun. Berak herria maite zuen, eta herriak bera. Perikorekin hasitako bideak aurrera darrai. Eta berak egindako ekarpena gurekin geratzen da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Jaso Tower Craneseko langileek greban jarraitzen dute

Zuzendaritzaren borondate falta dela eta, greba eta mobilizazioen bideari jarraitu beste irtenbiderik gabe daude langileak. Gaurkoa bosgarren greba eguna izan dute, eta manifestazioa egin dute Idiazabalen barrena. Datorren asteartean (hilak 24) berrekingo diete lanuzteei, ostiralera arteko greba dagoelarik aurreikusita.

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.