2024-09-20
HomeLAB Sindikatua9. Biltzar NagusiaNazioarteko mintegi bat egingo dugu bihar, 9. Biltzar Nagusiaren bezperan

Nazioarteko mintegi bat egingo dugu bihar, 9. Biltzar Nagusiaren bezperan

Maiatzaren 25 eta 26an, LABek 9. Biltzar Nagusia gauzatuko du Gasteizko Europa jauregian, “LAB 4.0 Gure Garaia” lelopean. Biltzar Nagusiarekin batera, Nazioarteko Konferentzia egingo dugu ostegunean, Europa jauregian bertan. Bada, hitzordu hauen guztien bezperan, "Herrien garaia. Una mirada sindical internacional" solasaldia egingo dugu asteazkenean, Europa jauregian ere. Euskal Herriko, Irlandako, Kubako, Argentinako eta Boliviako hizlariak izango ditugu.

Maiatzaren 25 eta 26an, LABek 9. Biltzar Nagusia gauzatuko du Gasteizko Europa jauregian, “LAB 4.0 Gure Garaia” lelopean. Biltzar Nagusian eztabaidagai izango ditugun bi ponentziak urtarrilaren 19an aurkeztu genituen hedabideen aurrean. Egun horretan hasiera eman genion prozesu kongresualari, eta, geroztik, eskualdez eskualde aurkezpenak eta eztabaidak egin ditugu, baita ekarpenak eta emendakinak jaso ere.

Ponentzia politiko-sindikalean zein antolakuntza ponentzian jasotzen dira datozen bost urteetan LAB sindikatuaren ildo sindikala markatuko duten erronka eta erabaki nagusiak zeintzuk izango diren. Eztabaidagai nagusi horietan sakondu eta gogoeta prozesua aberasteko asmoz, solasaldi ziklo bat egin dugu hilabeteotan sindikatuaren lerroan zentralitatea izango duten gaiak jorratzeko. Bada, solasaldi ziklo horren azken hitzordua bihar izango da, Europa jauregian bertan, Biltzar Nagusiaren bezperan, “Herrien garaia. Una mirada sindical internacional” leloarekin. Hain justu, Biltzar Nagusiarekin batera, Nazioarteko Konferentzia egingo dugu ostegunean Europa jauregian bertan. Hortaz, nazioartera begira jarriko gara bihartik bertatik.

Goizean, 10:30ean, Sortuko kide Jone Etxeberriak (Euskal Herria), Mandate sindikatuko idazkari nagusi John Douglasek (Irlanda) eta Central de Trabajadores de Cubako kide Milagro de la Caridad Pérez Caballero (Kuba) hizlariek “Kapitalismoari alternatibak munduan” solasaldia egingo dute.

Arratsaldean, 16:00etan, EH Bilduko eurolegebiltzarkide Josu Juaristik (Euskal Herria), nazioarteko ekonomia harremanetan aditu Alejandro Teitelbaumek (Argentina) eta Transnational Institute erakundeko ikertzaile Mónica Vargasek (Bolivia) “Sindikalgintzaren papera transnazionalen diktaduraren aurrean” solasaldiari ekingo diote.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.