2024-09-20
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaIrakaskuntzako ordezkapenetan arduragabekeriaz jokatu duzuelako, karguak utzi orain!

Irakaskuntzako ordezkapenetan arduragabekeriaz jokatu duzuelako, karguak utzi orain!

Gaur, irailak 23, eta ikasturtea hasi denetik laugarren astea dugunean, oraindik orain irakasleak falta dira eskoletan. Hori salatzeko erreklamazioak aurkeztu ditugu Eusko Jaurlaritzaren delegaritzan, Gasteizen. 
 
Ikasturte hasiera kaotiko honek kalteak sortu ditu; eskoletan antolatu ezinean daude, ikasleak irakasle gabe, familiak arduratuta, eta eskola publikoko bitarteko langileak haserre.

Haserre, beraien antzinatasun eskubideak ez direlako bete, Hezkuntza Sailak berak eginiko ordezkoen arautegia betetzen ez duelako, ehunka irakasle ordezko kaltetu sortu dituelako…

Antolakuntza ezak, plangintza desegokiek, eta ardura politikoen arduragabekeriak eta aurreikuspen faltak lurralde ordezkaritzak ito egin ditu, zuzendaritzak noraezean eta arazoak bideratzeko ezintasuna bizi dute.

LABen gure aldetik zuzentzeko eta kalteak ez areagotzeko ahaleginak egin ditugu, baina emaitzarik ez dugu lortu. Beraz, nahikoa dela uste dugu, pazientzia bukatu zaigu eta konpetenteak ez direnak hezkuntzan soberan daudela uste dugulako Uriarte andreak zuzenduriko Pertsonal Kudeaketarako Zuzendaria den Jon Agirre eta Olatz Garamendi sailburuordeak karguetatik kentzea exijitzen dugu. Sorturiko nahaste eta kalte hauen erantzule direlako, karguak utzi orain!

Hitz politek ez dute ezer balio, ekintzetan ikusten dira asmoak. LABek argi du Euskal Eskola Komunitarioa sortu eta defendatuko dituen arduradunak behar dituela hezkuntza sailak.

Gainontzeko sindikatu eta hezkuntza eragileei dei egiten diegu modu bateratuan erantzuna eman dezagun..

Gainera, LABek bere elkartasun eta borrokarako eskua luzatu nahi diegu beste behin, lurralde ordezkaritzetan lanean itota dauden langileei, zuzendaritza taldeei eta kaltetuak izan diren irakasle guztiei!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Jaso Tower Craneseko langileek greban jarraitzen dute

Zuzendaritzaren borondate falta dela eta, greba eta mobilizazioen bideari jarraitu beste irtenbiderik gabe daude langileak. Gaurkoa bosgarren greba eguna izan dute, eta manifestazioa egin dute Idiazabalen barrena. Datorren asteartean (hilak 24) berrekingo diete lanuzteei, ostiralera arteko greba dagoelarik aurreikusita.

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.