2026-11-04
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaEAEko Hezkuntza Sailaren arduragabekeriaren aurrean, ia ikastetxe denek sindikatuok ikasturte amaierarako egindako...

EAEko Hezkuntza Sailaren arduragabekeriaren aurrean, ia ikastetxe denek sindikatuok ikasturte amaierarako egindako proposamenaren aldeko hautua egin dute

EAEko Hezkuntzako sindikatuok elkarretaratze bateratua egin dugu Lakuan. Gaur egin dugun bezala, datozen egunotan ere, ikastetxe bakoitzean aurrez aurreko itzulera osasun bermeekin gauzatzen dela ziurtatzeko adi egongo gara sindikatuok; aldi berean, Hezkuntza Sailari ikasturte hasierako plangintza osoa, zein osasun neurriak eragileokin adosteko galdegiten diogu.

Oso gutxi izan dira gaur, maiatzak 25, aurrez aurreko ikasketak abian jarri dituzten ikastetxeak, eta abian jarri dituztenek ikastalde oso mugatuentzat egin dute, nagusiki errefortzu bat eskatzen duten ikasleentzat edota 2. Mailako Batxilergoko ikasleentzat EBAU azterketaren prestaketari begira. Beraz, esan dezakegu ikastetxe gehienek, hezkuntza sailak ez bezela, sindikatuok pasa den astean Hezkuntza Sailari helarazitako proposamenaren ildotik doazen ikasturte amaierako planteamenduak gauzatzeko hautua egin dutela.

Datozen egun eta asteotan aurrez aurreko ikasketak abian jarriko dituzten ikastetxe gehiago ere izango dira. Eta badirudi, momentuz ditugun datuen arabera behintzat, hauek ere ildo berdina jarraitzeko asmoa dutela.

Edozein kasutan, pasa den Ostiralean adierazi genuen bezala, ikastetxez ikastetxe, aurrez aurreko ikasketetarako zein lanerako itzulera osasun bermeekin gauzatzen dela ziurtatzeko adi egoten jarraitzen dugu sindikatuok; eta hala ez bada, osasuna bermatua ez dagoen ikastetxe horietan osasuna bermatu arte, beharrezko mobilizazio, ekimen eta tresnak jarriko ditugu abian.
Sindikatuok, zein hezkuntza komunitate osoaren gaitzespen eta presioak hezkuntza saila bere hasierako erabakiak aldatzera eraman badu ere, oso larria eta arduragabea izaten ari da ez ohiko ikasturte amaiera honi begira Hezkuntza Saila egiten ari den kudeaketa. Hezkuntza eragileokin adostu gabeko aldebakarreko erabakiak hartzen ari baita etengabe.

Ikastetxe bakoitzaren autonomía aitzakiatzat hartuz, ikastetxe bakoitzaren esku utzi nahi izan du azkenik itzuleraren nondik norakoa erabakitzeko ardura eta pisua. Gaur, oraindik ere ugariak dira ordea beraien itzulera planaren aurrean hezkuntza ikuskaritzaren erantzunik jaso ez duten ikastetxeak, eta beraz, beraien itzulera planak Sailaren oniritzia duenik ere ez dakitenak.

Horrela, Sindikatuok ikasturte amaierara begira adi egoteaz gain, datorren ikasturteari begira, ikasturte hasierarako plangintza, baldintzak, zein segurtasun eta osasun neurri eta protokoloak, langileon ordezkariokin negoziatu eta adosteko galdegiten diogu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.