2024-09-20
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakEAEko sektore publikoko langileen errelebo kontratua behin betikoz berraktibatzea exijitzen dugu

EAEko sektore publikoko langileen errelebo kontratua behin betikoz berraktibatzea exijitzen dugu

Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorraren negoziazio kolektiboari dion begirune eza bilera bakoitzaren ostean argiago gelditzen da. Baita lan baldintzak ezartzeko estrategia bera ere, hots, berarentzat arazoa den negoziazio kolektiboa gainetik kendu eta estatalizatzen utzi, horrela Euskal Herritik kanpo erabakitzen diren baldintzak bere interesetara egokitzera eta aldebakarrez ezartzera mugatzen baita kasu guztietan.

Ekainean administrazioan erretiro partzialak luzatzeko gaia eztabaidatu genuenean, argi utzi genituen Jaurlaritzak proposatzen zituen neurrien mugak: soilik lan-kontratudun finkoentzako balio zuela; borondatezko primak ere berreskuratu behar direla; neurriok enplegu-plan integral batekin lotu behar direla, kopuruak eta egonkortasuna kontuan hartuta.

LABen iritziz ezinbestekoa dugu ahalmen legegile osoa eta Gizarte Segurantzaren eskumena eskuratzea, erretiro partzialen mugak gabezia hauen beste zantzu larri bat baitira. Hala ere, ekaineko bileran adierazi bezala, gaiak denboran duen premiaz jabetuta, halako neurri partzial bat ezartzea babestuko luke LABek betiere adostasuna aho batez hartzekotan.

Beraz, Eusko Jaurlaritzari berriro ere lehenbailehen Mahai Orokorra dei dezan exijitzen diogu, eta erretiro partzialen gai puntual hau premiaz argitzeko eta egin ditugun ekarpenak negoziatzea. Era berean, arestian aipatutako gabeziak zuzentzeko eta negoziazio kolektiboan oraindik zintzilik dauden gaiak fundamentuz negoziatzeko eta adosteko ere baliatu behar da markoa, inposizioak alde batera utziz. LABek Mahai Orokorreko marko honetan, langileen lan baldintzak zein zerbitzuen kalitatean eragiteko egin dituen proposamenak; enplegu plan integrala eta zorraren aitortza eta berreskuratzeko proposamena negoziatzea eskatzen diogu Gobernuari. Euskal Herriko zerbitzu publikoak bertan erabaki, murrizketa guztiak atzera itzuliz, eta enplegu duina sortuz eta egonkortuz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.