2024-09-20
HomeUncategorizedHezkuntza Sailak ez du sindikatuon aldarrikapenei erantzuteko asmorik agertu

Hezkuntza Sailak ez du sindikatuon aldarrikapenei erantzuteko asmorik agertu

Hezkuntza Sailak grebara deiturik dauden kolektiboetako bati soilik egin dio dei gaurko negoziazio mahaian parte hartzeko, eta ez du sindikatuon aldarrikapenei erantzuteko asmorik agertu. Hezkuntza Sailaren irakasleen mahai sektorialaren deiari erantzunez, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuetako kideak Lakuan bertaratu gara negoziatzeko asmoz.

Bileraren nondik norakoak ikusirik, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza komunitatearekiko errespeturik ez duela agertu iruditzen zaigu. Hezkuntza inbertsioa edo kostu ekonomikoa suposatzen duen edozein aldarrikapen negoziatzeari uko egin dio eta, ondorioz, ez du sindikatuok aldarrikatzen ditugun gai nagusienekiko negoziazio asmorik agertu. Sindikatuok orain arteko erabaki eta politikekin aldebakartasunez jarraitzeko asmoa besterik ez dugu ikusten.

Mahai honekin zera berresten da, mahaiak deitu edo ez, Jaurlaritzaren jarrera bera dela. Gogora ekarri behar baitugu heziketa berezian zein sukaldari eta garbitzaileetan mahairik ere ez dagoela deituta, eta Haurreskolak Partzuergoan mahaia deitu arren, negoziatzeko inolako borondaterik ez duela agertu.

Beraz, irakasleok, Heziketa Bereziko langile, Sukaldari eta Garbitzaile nahiz Haurreskolak Partzuergorako langileekin batera deituriko mobilizazioekin aurrera jarraitzea beste aukerarik ez dugu. Izan ere, egungo hezkuntzaren egoera larritzat jotzeaz gain, azken egun hauetan, Cristina Uriarte sailburuak hezkuntza kalitatearen ardura irakasleen grebatara fokalizatzea onargaitza dela iruditzen zaigu. Gaur egun dugun hezkuntza egoera eskasetan duten aldagaiak, aldebakartasunez hezkuntza komunitatea aintzat hartu gabe ezarritako murrizketek, LOMCE eta Heziberri 2020 egitasmoak, ordezkapenak lehen egunetik ez burutzeak, eskoletako ratio altuek edota gure aldarrikapenetan jasotako gainerakoek baldintzatzen dute, besteak beste. Eta hori guztia erabaki politiko bat besterik ez da, Hezkuntza Departamenduak, aldebakartasunez, hezkuntza komunitatea aintzat hartu gabe hartzen duen erabakia da gaur egun dugun egoeraren erantzule.

Hortaz, langileak maiatzaren 16 eta 23an greban parte hartzeko deia luzatzeaz gain, ikastetxe, herri eta auzoetan dinamika hau zabaltzera dei egiten dugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.