2024-09-20
HomeZerbitzu PribatuakBulego eta despatxuakHitzarmen duin bati bide emango dien negoziazioak ireki daitezen aldarrikatuz antolatutako mobilizazioetan...

Hitzarmen duin bati bide emango dien negoziazioak ireki daitezen aldarrikatuz antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitzeko du LABek

Azken bi hilabetean, CEBEK enpresaburuen elkartearekin eta aipatu elkarteak ordezkatzen dituen enpresekin egin negoziazioak askatzeko LABek ganorazko proposamenak egin ostean, azken proposamena baztertuz eta negoziazioak euren erabakiz bertan behera utziz, elkarrizketa hautsi behar zela erabaki du patronalak. Honen aurrean LABek mobilizaziorako deia egiten du. Datorren hitzordua bihar, hilak 2, CEBEKen aurrean.

Enpresaburuen elkarteko ordezkariak jakinarazi zigun enpresak eroso daudela egoera berri honetan, gatazkarik ez delako jazotzen, nahiz eta sektore honetako beharginen lan baldintzei behin eta berriz erasotzen dieten.

Enpresaburuen elkartea egiten ari den arduragabekeria honen aurrean, LABeko kideok aski ondo dakigu zein izan behar duen gure erantzuna: daukagun baliabide bakarra erabiliko dugu, mobilizazioa.

Hitzarmen honen eragin pean dihardugun beharginok mobilizatzeko gaitasun handia agertu izan dugu; horrek bere biziko garrantzia izan zuen hitzarmena negoziatu genuenean, enpresaburuen elkarte berak adierazi zigunez. Hau une egokia da sektore honek erakuts dezan bere lan baldintzen alde jardungo dela; eta horretarako, modurik egokiena sektore osoaren aterpe den hitzarmenaren defentsa dugu.

LABek uste du mobilizazio aldi berri hau sindikatu guztien, negoziazio mahaian ordezkatuak gaudenon eta ez daudenen ekintza bateratuak ematen digun indarrean oinarritu behar dela. Aste honetan bertan ekin diogu mobilizazio-egutegiari GFI-en aurrean (CEBEK-k ordezkatzen duen enpresa garrantzitsua) elkarretaratzea eginez. Honi, apirilaren 2an, goizeko 11.00etan, CEBEKen aurrean ere egingo den beste elkarretaratze berri batekin emango zaio jarraipena (LABek beste sindikatuekin batera deitutako mobilizazioa).

LABek sustatu eta bultzatuko ditu hitzarmenaren alde egingo diren mobilizazio GUZTIAK, gure lan baldintzak babestuko duen hitzarmen duin bat sinatuz amaituko duen negoziazioa zabal dezagun.

Guztion artean lortuko dugu!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.