2024-09-19
HomeIndustriaMetalgintza"La Navalek lana dauka, proiektuak dauzka, eta Ezkerraldearentzat beharrezkoa da"

“La Navalek lana dauka, proiektuak dauzka, eta Ezkerraldearentzat beharrezkoa da”

La Navaleko gaiari buruz hitz egin dute gaur Gasteizko Legebiltzarrean, eta gure ordezkariak bertan izan dira entzule gisa. Honekin batera, ordezkari hauek agerraldi bat egin dute Legebiltzarrean bertan, komunikabideen aurrean, eta sindikatuaren posizioa adierazi dute. Hain zuzen ere, Legebiltzarreko alderdiei helarazi diegu gure iritzia.

Hauxe da gaurko agerraldian adierazi duguna:

LAB sindikatutik, jada 2005. urtean eta beste sindikatu batzuekin batera, proposamenak egin genituen La Naval-en eta Euskal Herriko ontziolen biziraupena bermatzeko. LABek beti salatu izan du La Naval-en pribatizazioa, horren aurretik zein ondoren egin den kudeaketa txarra, etorkizunerako bideragarritasun plan erreal bat ez izatea eta, batez ere, gure herrian sektore estrategikotzat ez hartu izana; eta ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren utzikeria (argazki polit batetik haratago) eta gure erabaki propioak hartzeko gogo falta edota ezintasuna; berton lan egiten badugu, berton erabaki behar dugulako!

Orain, eta horren garrantzitsua den proiektu bat hiltzen utzi eta gero, itxi egin behar dela esan digute. Lana daukan enpresa bat? Nola uler daiteke hori? Orain 20 urte hiltzear zegoen enpresa bat eta ekimen eta plan estrategiko gabe, bizirautea lortu duena. Horregatik, argi dago, konpromiso politikoa badago, etorkizunerako proiektu erreala badago eta sektorearen estrategikotasuna onartzen bada, LA NAVAL-ek etorkizuna dauka eta bizirik mantendu behar dugu.

LA NAVAL beharrezkoa da Euskal Herriaren industriarentzako eta ontziolen sektorerako; lana dauka, proiektuak dauzka, eta Ezkerraldearentzat eta pertsona guztiontzako beharrezkoa da. Gainera, zonalde horretako desindustrializazioarekin gelditzeko eta zonaldearen txikizioarekin bukatzeko bide ezinbestekoa da. Pertsona askoren bizitza ez txikitzeko ere ezinbestekoa da La Naval bizirik mantentzea.

La Navali buruz hitz egiten entzuten dugunean, inork ez du eragindako pertsona guztietaz hitz egiten, azpikontratatutako langile guztiez edota zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituzten langileez. Zer gertatuko zaie langile horiei guztiei La Naval itxiz gero? Nork begiratzen die pertsona horien egoera eta etorkizunari?

La Navaleko azpikontratetan lan egiten duten langileak 1.800 inguru dira, ahaztuak eta alde batera utziak. Ez zaie eztabaida foroetan parte hartzen uzten eta, ezta irtenbidearen parte izaten ere. Beti bezala, eta zoritxarrez, ez da azpikontratetako langileez hitz egitea interesatzen.

Horregatik guztiagatik, eta La Navaleko azpikontratetako LAB sindikatuko ordezkari garen bezala, zera eskatzen dugu:

1. La Navalen bizirautea bermatu dadila etorkizuneko proiektu erreal batekin eta euskal industrian sektore estrategikotzat hartu dadila.

2. Krisi honen eraginpean dauden eragile guztien parte hartzea bermatu dadila; azpikontratetako ordezkariak, eraginpeko zerbitzuak eta Ezkerraldeko eragileak.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.