2024-09-20
HomeIndustriaFederazioaBeste industria politika bat aldarrikatu dugu Gipuzkoako Ogasuneko diputatuaren aurrean

Beste industria politika bat aldarrikatu dugu Gipuzkoako Ogasuneko diputatuaren aurrean

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasuneko diputatu Jabier Larrañagak Arrasateko JMA enpresara egin du gaur bisita, eta, hori dela eta, elkarretaratze bat egin dugu lan zentroaren sarreran. Hain zuzen ere, bisita EAJren industria politika eza estaltzeko propaganda besterik ez dela salatu dugu.

LABek salatu nahi du propaganda honen guztiaren atzean dagoen industriaren benetako errealitatea oso larria dela. Arduragabekeria itzela da EAJ egiten ari dena industriaren egiturazko arazoaren aurrean.

Honelako bisitekin, ikerkuntzan, garapenean, berrikuntzan eta maila teknologikoan euskal industriaren egiturazko desabantaila estali nahi dute.

Honelako bisitekin, pertsonetan euskal industriak duen desabantaila (jakintzaren galera gazteak kanpora joanda, prekarietatea) estali nahi dute.

Honelako bisitekin, digitalizazioari herri bezala nola aurre egingo diogun erabakitzeko eztabaidaren beharra estali nahi dute.

Saltzen ari diren ke guzti honen atzean, eskualde honetan bertan, Arcelor Mittal, Edesa Industrial, Alfa eta beste hainbat enpresetako langileak daude.

• Espainiako lan erreformaren bidez, enpresa ehuna txikitzen ari dira multinazionalak, nahi dutena egin dezakete, nahiz eta irabazi handiak eduki, Arcelor Mittalen kasuan bezala (2017an, 2.300 milioi euroko etekinak izan ditu iraila arte). Arcelor Euskal Herrira etorri zenetik, 10 urtetan lanpostuen %52 suntsitu du.

• Zerga murrizten dizkie enpresei, aberastasunaren banaketari uko egin arren. Nola liteke Alfako jabeek 2,3 milioi banatu izana irabazi moduan eta orain likidazioan sartzea?

• Industriak egiturazko arazoak ditu, balio erantsian lehiatu beharrean kostuetan lehiatu nahi duelako, prekarietatearen bidez. “Basque” izena jarriko diote baina Espainiako eredua da.

• Enpresen deslokalizazioak ematen ari dira, Nicolas Correan bezala, eta erabakiguneak kanpora ateratzen ari dira, geroz eta gehiago dira kanpoko funtsen esku dauden enpresak.

• Aberastasuna ez da banatzen: inoizko irabazi handienak biltzen ari diren garaietan, lotsagarria da negoziaketa kolektiborako eskubidea ukatua egotea industriako langile askorentzat. Irabaziak eta prekarietatea gora doaz, baina inbertsioak eta aberastasunaren banaketa behera.

Eusko Jaurlaritzak, eztabaida publikoari bide eman gabe, alde bakarrez hurrengo 5 urteetako industria plana onartu du. Guk uste dugu gauzak beste era batetara egin litezkeela, 10 neurri jasotzen dituen dekalogo bat proposatzen du LABek, bestelako industria politika bat egingarria dela frogatzen dutenak. Hortaz, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diegu “PREKARIETATEA 4, INDUSTRIA 0” estrategia albo batera utzi, eta etorkizuneko industriaren alde egitea, aurreratua teknologikoki, baina baita sozialki eta langileen ikuspegitik ere.

Euskal Herriak etorkizunean izan beharreko industriaren eztabaida ematea eragile eta sindikatu guztien parte-hartzearekin beharrezkoa da. Baina ez dago horretarako borondaterik.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.