2024-09-20
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaEspainiako Estatuko aparatu judizialak bururaino eramango du Rafa Diezen kontrako burugabekeria

Espainiako Estatuko aparatu judizialak bururaino eramango du Rafa Diezen kontrako burugabekeria

Auzitegi Gorenak hala inposatuta, LABen Idazkari Nagusi ohi Rafa Diezek oso-osorik bete beharko du bere jarduera politiko eta sindikalen ondorioz ezarritako zigor bidegabea. Bi ziren Rafa Diezen espetxeratzearen atzean zeuden arrazoiak. Alde batetik, Estatuko botereek independentismoaren aurka ezarritako salbuespen egoeraren ondorio bat gehiago izan zen. Baina gainera, Rafa eta beste hainbat atxilotzeko burututako Bateragune operazioak Ezker Abertzalearen estrategia aldaketa oztopatzeko helburua zuen. Honela, argi eta garbi geratu zen Estatuak nahiago zuela independentismoa zokoratuta mantenduko lukeen bortizkeria eskenatoki bat, Herri baten borondatearen eta borondate hori ukatzen duen Estatuaren arteko konfrontazio politikoa baino.

ETAk alde bakarrez borroka armatua bertan behera utzi zuenetik sei urte igaro direnean, eta euskal jendartearen nahiz instituzioen ekimenez Estatuak desiratzen ez duen armagabetzea eman denean, azken hau Euskal Herriaren aurkako salbuespen neurrietan tematzen ari da. Antzeko gatazkak eta are latzagoak pairatu dituzten herrialdeetan justizia trantsizionalaz, presoen askapen progresiboaz edota biktima guztien erreparazioaz mintzatzen diren bitartean, Estatuak bere politika errepresiboari eutsi eta, Altsasukoa bezalako kasuetan, areagotzea erabaki du.

Egoera honen aurrean, LABek berriro ere Rafa Diezen askatasuna aldarrikatzen du, baita euskal preso guztien berehalako Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten horien askatasuna nahiz salbuespen egoeraren behin betiko amaiera ere.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.