Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du, eta 1.912 langabe gehiago daude orain. Sistemaren narriaduraren adibide bat da hau. Egiturazko arazoek jarraitzen dute, eta irtenbide errealik ez dute eman nahi.
Ekonomia eta lan ereduak ondorio larriak ditu gure jendartean. Sistema egiturazko arrakalez baliatzen da ahalik eta etekin handiagoak pilatzeko, eta horiek gutxi batzuen eskuetan uzteko. Hori erakusten du aurreko urtearekin eta hilabetearekin alderatuta langabezia igo izanak. Izan ere, langabeen %59,02 emakumeak* dira, eta azken hilabetean, 1.234 emakume* gehiago daude langabezian, eta langabe berrien %60 emakumeak* dira. Pasa den urtetik hona langabeziak gora egin du 25 urtetik beherakoen artean (%4,01). Migratuen artean ere igo da langabezia, batez ere aurreko enplegurik ez zutenen artean. (%29,04). Beraz, 2.790 migratu gehiago dago langabezian. Gainera, migratu langabeen artean, %48,15k zerbitzuetan izan dute azken enplegua.
Ekainetik hona, zerbitzu sektorean igo da langabezia bereziki. Izan ere, nahiz eta ostalaritzan jaitsi den, hezkuntzan jarduten duten garbitzaile eta sukaldarien ondorioz handitu da kopurua. Funtsean, langile hauek aldizkako finkoen kontratuak dituzte, eta beraz, orain joaten dira langabeziara, kontratu finko hauen iruzurra agerian utziz.
Horrez gain, bereziki adierazgarria iruditzen zaigu aurreko enplegurik gabekoen artean, 50 urtetik gorakoak direla gehienak.
Uztaila bitartean egon diren kontratuei erreparatzen badiegu, 5.799 kontratu gutxiago sinatu dira pasa den urteko uztailarekin konparatuta. Zerbitzuetan jaitsi da gehien behin-behinekotasuna, nahiz eta oraindik %77,95an mantentzen den.
Afiliazioari dagokionez, lehenago esan bezala, behera egin du eta 3.717 afiliatu gutxiago dago azken hilabetean. Osotara, 1.089.653 afiliatu daude. Hala eta guztiz ere, afiliazioa igo egin da aurreko urtetik (21.000 pertsona gehiago daude afiliatuta). Hortaz, afiliazioa Hego Euskal Herrian %73,47 izan da zerbitzuetan eta %21,51 industrian.
Ez da kasualitatea azken urtean sortutako afiliazioaren %82,71 zerbitzuetan izatea. Izan ere, zerbitzu sektorean izaten dira baldintza kaskarrenak. Partzialitateari dagokionez, emakumeen* %58,3k jardunaldi osoa dute eta gizonen %78,4k. Partzialitateak dakartzan egoera prekarioak egoera zaurgarrian dauden pertsonei eragiten die; honela bada emakumeen* %25,7k jardunaldi partziala duen bitartean, gizonezkoen %11k soilik dute honelako jardunaldia. Gainera, azken urtean bereziki gora egin dute behin behineko kontratua dutenen kopuruak. Jardunaldi partzialeko kontratuek bereziki emakumeei* eragiten diete oraindik, %67,69an.
Azkenik, aipatu nahiko genuke afiliazioak behera egin duela azken hilabetean. 6.189 emakume* gutxiago afiliatu dira eta 3.872 gizon gehiago.
Gaur egun, langabezia datuek ez digute ematen informazio nahikoa jakiteko zer ari den gertatzen lan harremanetan. Prekarizazioa hain handia da, enplegua izateak ez duela pobreziatik ateratzea eta bizitza duina bermatzen. Eta horrexegatik behin eta berriz azpimarratu dugu 1.500 euro azpiko soldatak dituzten sektoreek ez dutela bizitza duina izan ahal izatea bermatzen. LABen argi dugu borrokan jarraitu behar dugula, langile klasea askatu eta bizitza duin bat garatzeko ahalmena eduki arte.

