2026-10-08
HomeEkintza SozialaLABek Euskal Herrian azaroaren 11rako greba orokorra deitzea proposatuko dio bihar bere...

LABek Euskal Herrian azaroaren 11rako greba orokorra deitzea proposatuko dio bihar bere Nazio Biltzarrari

Eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratuaren alde egindako lanaren ondorioz eta Espainiako Estatuko Maizterren Konfederazioarekin harremanetan egon eta gero, azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko greba orokorra antolatzeko erabakia proposatuko dio LABek bere Nazio Biltzarrari bihar arratsaldean.

Etxebizitza langileok pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusi bilakatu da, eta langileen arteko arrakaletan sakontzeko arrazoi nagusietako bat, guztiok mehatxatzen gaituena. Euskal Herrian etxebizitzarako sarbidea ukatua dute milaka eta milaka herritarrek. Larrialdi betean gaude, eta Euskal Herrian badira baldintza objektiboak eta subjektiboak egiturazko aldaketak eragiteko borrokari hauspo berri bat emateko.

LABek denbora darama maizterrak antolatzen eta borrokara batzen. Horrela erakusten dute une honetan pizturik dituen gatazka sindikalek; Erandioko Los Ochosen, Vitalquiler-Adaniaren aurka Gasteizen, munduko etxe jabe handienaren —Blackstoneren— filiala den Testaren aurka Iruñerrian, eta Alquiler Seguro enpresaren maizterrekin, besteak beste. Astero, langile ugarik jotzen dute sindikatura etxebizitza prezioek itota, etxegabetze arriskuan daudenak edo egoerari aurre egiteko antolatzeko prest daudenak.

Azken asteotako gertakariek testuingurua azkartu dute. Talka argia bizi dugu: langileen aldeko politika birbanatzaileen, eta pribilegiatuen eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren artekoa. Bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka. Alde batean, birbanaketa politika justuen, gehiengoen interesen eta eskubideen zabalpenaren alde kokatzen garenak gaude, eta, bestean, pribilegiatuenen eta errentisten interesak zaintzen dituztenak, langileen pobretzean sakondu nahi dutenak.

LABentzat, etxebizitza eskubidearen eta soldata duinaren aldeko borroka, langileon bizi baldintza duinen aldeko borroka ez ezik, agenda erreakzionarioari aurre egiteko errezeta ere bada. Hala adierazi zuen duela zortzi hilabete egindako gutxieneko soldata propioaren aldeko greba arrakastatsuan, eta hala berresten du greba orokor deialdi berri baten atarian.

Eskubide berriak irabazteko bidean, LABek ez du hutsik egiten. Langileekin dugun konpromisoa erabatekoa da. Sindikalismo antiarrazista, feminista eta eraldatzailea da LABena. Horregatik, azken egunotan testuinguruak eskatzen zuen tamainako erantzuna antolatzeko lanean murgilduta da sindikatua, Euskal Herriko maizterrek eta langile eta herri sektoreek behar dituzten egiturazko eraldaketak eragiteko greba deialdia gorpuzten, aldarrikapenetan eta formetan ahalik eta erantzun bateratuena eman dadin.

Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko egiturazko neurriak behar dira. Ardura du Espainiako Gobernuak, eta baita EAEko eta Nafarroako gobernuek ere. Egungo autogobernu maila mugatua ez da erabili langileen bizitzak hobetzeko, patronalaren interesak egon dira erdigunean. EAJ Madrilen higiezin patronalaren alde lerrokatu da; eta berak zuzentzen duen Jaurlaritzak etxebizitzaren eskubidearen eta gutxieneko soldata propioaren aldeko neurriei bizkarra eman die. Horregatik, LABek EAJri exijitzen dio Madrilen zein Euskal Herrian langileen prekarizazioa sakontzen duten neurriak ezartzeari uzteko, eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatuko die Euskal Herrian langileei bizkarra ematen dieten neurriak ezartzeari uzteko. Izan ere, Madrilen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible dira.

Lehen urratsa emateko prest dago sindikatua. Bihar dagokion erabaki organora, Nazio Biltzarrera, eramango du azaroaren 11n greba orokorra egiteko proposamena. Soldata eta etxebizitza duinak denontzat helburu, lantokiak itxi eta kaleak beteko ditugu. Olatu erreakzionarioari eskubide berrien aldeko borrokarekin erantzungo diogu: alokairu mugagabeen eta prezioen jaitsieren alde, langile guztion bizi baldintzak bermatzeko beharrezkoak diren soldata duinen alde, patronalei aurre egin eta bertako instituzioek errentismoaren aldeko politikak egiteari utzi diezaioten exijitzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

FVEMi aitzakiak amaitu zaizkio, LABek eta gainerako sindikatuok plataforma bateratua aurkeztu dugu Bizkaiko metalgintzaren hitzarmenean

Gaur Bizkaiko metalgintzaren hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bederatzigarren bilera egin da. Bilera honetan, LABek, negoziazio-mahaian ordezkaritza dugun gainerako sindikatuekin batera, hitzarmenerako plataforma bateratua aurkeztu dugu. Horrekin,...

Osakidetzako langileek elkarretaratzeak egin dituzte lehen arretako zentroetan beren aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatzeko

Irailaren 30ean egindako bileran, Osakidetzako zuzendaritzak mahai sektorialeko sindikatuoi bidalitako proposamena aurkeztu zigun. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborroa bat da eta dokumentuak...

Faxismo berrien aurrean herri burujabetzan sakontzea eta politika birbanatzaileak aldarrikatu ditu LABek

1936ko Eusko Jaurlaritzaren adierazpenaren eduki soziala nabarmendu du LABek, eta egungo Jaurlaritzari jarrera politiko irmoagoa eskatu dio eskuin muturraren eta faxismoaren gorakadaren aurrean.