Zubietako erraustegiko langileek mobilizazio egutegi bati ekingo diote, eta urtarrilaren 15ean errauste plantearen sarreran mobilizatuko dira, 13:00ean, euren lan baldintza eskasak aitortuko eta hobetuko dituen enpresa hitzarmena exijitzeko.
Urtebete luzez EKOBAL enpresarekin negoziatzen aritu dira langileak, Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmenak jasotzen ez dituen erraustegiko langileen lan baldintza bereziak eta zehatzak arautzeko, baina, azkenean, hasierako egoerara itzuli dira langileak, jasan behar dituzten lan-baldintza penagarriak aitortzeko borondate ezagatik. GHK eta Ekondakinen borondate falta dago atzean, eta Gipuzkoako Foru Aldundia da arduradun nagusia.
Erraustegiko langileek sektoreko hitzarmenean arautu gabeko txandatasun, arriskugarritasun eta toxikotasun handia daukan ingurune batean lan egiten dute, eta babestu eta ordaindu gabeko baldintzak dituzte. Enpresak 12 ordura arteko lanaldi jarraituak egitera behartzen ditu jada osasunerako kaltegarria den 24/7 txanda sistemako langileak, aurreko edo hurrengo txandako langileak lanera ezin badira joan. Hori gutxi balitz, mantentze lanetako langileak asteburuetan erreten-zerbitzua egitera ere behartzen ditu enpresak, arautu eta ordaindu gabeko zerbitzu eta prestasuna ezarriz.
Ekobal, GHK eta Ekondakin jakitun al dira arautu gabeko hainbeste lanordu metatu egiteak langileen osasunean daukan eraginaz? Gipuzkoako Foru Aldundiak ezagutzen al ditu erraustegiko langileen baldintzak? Zer esan behar du egoeraren azken arduradun eta onuradun gisa?
Erraustegiko langileei eskatzen zaien txandakotasuna eta etengabeko prestasuna aintzat hartuko eta arautuko dituen enpresa-hitzarmen bat aldarrikatzen dute langileek, zeinak egunero jasaten duten benetazko arriskugarritasuna eta toxikotasuna ere jasoko dituen.

