2026-01-31
HomeEkintza SindikalaZerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko bermeak exijitu ditu...

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko bermeak exijitu ditu LABek Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, Nafarroako administrazio publikoetan euskarak pairatzen duen egoera salatu du LABek Iruñean, eta gaztelerak dituen eskubide berberak aldarrikatu ditu euskararentzat.

Nafarroako administrazio publikoetan euskarak pairatzen duen egoera salatzeko, eta, behingoz horri irtenbidea emateko exijitzeko, elkarretaratzea egin du gaur LABek Nafarroako Parlamentuaren aurrean, ELA eta Steilasekin batera, “Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatu. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez” lelopean.

Zerbitzu publikoak (osasuna, hezkuntza, zaintza, justizia, garraioa, administrazioarekin harremanak…) euskaraz jasotzeko eta bertan euskaraz lan egiteko eskubidea ez daude bermatuta Nafarroan, ezta Nafarroako hizkuntza propioa ofiziala den eremu ofizialetan ere. Are gutxiago 39 urte bete dituen Nafarroako Euskararen Foru Legeak inposaturiko zonifikazioak banatzen dituen eremu mistoan eta “ez euskaldunean”; hain zuzen ere, euskara zokoratzeko asmoz sortutako eremu artifizial horietan. Estatu afera da Nafarroan euskara lurralde osora ez zabaltzea eta bere hedapena gelditzea; gainera, indar atzerakoien estrategia horrek eremu juridikoa ezinbesteko tresna du, epai euskarafobo eta ulergaitzen bitartez euskalduntzea oztopatzen baitute.

Horrela, lanpostu publikorako lehiatzeko, euskara baztertu egiten da, baina atzerriko hizkuntzak baloratzen dira; lanean euskaraz aritzeko eskubidea urratuta dago erabat; lan-deialdietako froga gehienak gazteleraz egitera derrigortzen da, euskaraz egin ahal izatea ukatuz; euskara lan orduetan ikasteko trabak; mugikortasunerako oztopoak; gero eta profildun plaza gutxiago eskaintzea; legez aitortua den zerbitzuetan ere, zerbitzu publiko askotan ez zaie bermatzen herritarrei euskaraz artatuak izatea; euskarazko hezkuntza herrialde osora zabaltzea oztopatzen eta mugatzen du gobernuak, eskubide hori legez onartua dagoen arren…

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan gaztelaniak dituen eskubide berberak nahi ditu LABek euskararentzat, ez besterik. Nafarroan, hori lortzeko bidean, hau da LABek proposatzen duena:

  • Euskararen kontrako epaiak salatzea.
  • Administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
  • Administrazioak erabat euskalduntzeko plangintzak adostea, baliabideak eta epeak adostuz, lanpostuak behar duen ezagutza nahikoa bermatuz eta euskaraz lan egin ahal izateko plangintzak eginez.
  • Erabiltzaileek euskara zerbitzu-hizkuntza gisa izateko duten eskubidea bermatzea.
  • Pribatizatutako-itundutako eremuetan, langileak euskaraz lan egiteko eskubidea eta erabiltzaileek euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatu daitezen, zerbitzua ematen duten enpresei euskara planak egiteko derrigortasuna ezartzea plegu bidez. Hau da, hizkuntza klausulen bidez.
  • Euskararen lege berri baten beharra aldarrikatzea, Nafarroa osoan ofiziala izan dadin, behingoz.
  • Lege berria egon bitartean, euskara ofiziala den eremuetan, erabiltzaileentzat euskara zerbitzu-hizkuntza izateko eskubidea derrigorrez bermatzea. Bestetik, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskararen ezagutza meritu gisa ezartzea.
  • Diskriminazioarekin amaitzea. Texto Refundido del Estatuto de Personal delakoaren 33. artikulua bertan behera uztea.
  • Nafarroako Langile Publikoen Estatutu berrian euskaraz lan egiteko eskubidea eta euskara zerbitzu-hizkuntza izateko eskubidea bermatzea.
  • Lanpostu berri guztiek hizkuntza eskakizuna izatera bidean, urtero portzentaje bat adostea, administrazioan euskara profila duten plaza kopurua handituz.

Langileak eta lan zentroak aktibatzera doa LAB. Aldaketa legalak egiteko garaia da. Administrazio publikoa euskalduntzearen aldeko lege bermeek mobilizazio soziala eta euskal langileon aktibazioa eskatzen dute. Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Gaur Iruñean eta bihar Gasteizen ere mobilizatuko da LAB, eta mobilizazioak areagotzeko garaia dela uste du. Bide honetan, Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27rako Bilboko Miribillara deitu duen ekitaldi nazionalera joateko deia ere luzatzen du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...