2025-12-17
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaZaintza lanak aitortzea eta banatzea beharrezkoa da soldata-arrakalarekin amaitzeko

Zaintza lanak aitortzea eta banatzea beharrezkoa da soldata-arrakalarekin amaitzeko

Otsailaren 22a da soldata-arrakalaren aurkako eguna. Aurten, zaintza lanak aitortzea eta banatzea eskatuko dugu, beharrezkoa baita soldata-arrakalarekin amaitzeko. Gainera, mobilizazioa egingo dugu Iruñean, 10:00etan, Merindadeen plazan.

Soldata-arrakala sexuaren araberako enplegu eta lanaren banaketa desorekatuaren ondorio da. Emakumeok* egiten dugun lana debaluatuta dago eta soldata-arrakala egiturazkoa da. Iturri ofizialek emandako datu orokorrek ez digute errealitate gordina ikusten uzten. Gaur egun, Euskal Herrian ez da soldata berdina kobratzen balio bereko lana egin arren; sexuaren arabera desberdina da.

Emakumeok* egiten ditugun lanak zaintzari loturikoak dira hein handi batean, eta hor dago gakoa: ez zaio balio bera ematen pertsonak zaintzeari edo gurpilak ekoizteari.

Emakumeoi* ematen diguten zaintzaile rola enpleguaren eremutik harago doa: zaintzari lotutako lanpostuak guztiz feminizatuak daude eta enplegutik kanpoko zaintza lanak ere emakumeei* egozten dizkigute. Horrek prekaritatean eta soldata arrakalan eragin zuzena dauka: zaintza ardurek enplegu prekarioagoak (lanaldi partzialak…) onartu behar izatera garamatza; adibidez, ostalaritzan edo jangeletan; eta baita zaintza baimenak edo zaintza lanetarako jardunaldi murrizketak hartzera ere. Horrek gero penalizazioak dakartza emakumeentzat*.

Zaintza lanek ez daukate inolako aitortza ekonomikorik eta sozialik, eta ez dugu Zaintza Sistema Publiko Komunitariorik. Emakumeon* lanari esker sostengatzen dira, eta, bitartean, gizonek ez zaintzeko pribilegioari eusten diote.

Patronalak zein instituzioek honetan duten erantzukizuna seinalatu behar dugu: instituzio publikoak generoagatiko soldata-arrakalaren erantzule zuzenak dira; zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzten bakoitzean zaintza lanekin negozioa egitea sustatzen dute. Erantzukidetasun politikak bultzatzeari uko egiten ari dira, gainera.

Horren aurrean, LABetik honakoa aldarrikatzen dugu:

  • Zaintza lanak era justu batean banatu eta baloratzea. Hori horrela ez den bitartean, soldata arrakala mantendu egingo da.
  • Zaintza sistema publiko komunitarioa garatzea.
  • Sexuaren araberako lan banaketarekin amaitzea eta lan eta enplegu guztien birbalorizazio bat egitea. Horretarako, bizitzaren sostengarritasun faktorea aplikatuko genuke.
  • Hitzarmen kolektiboetan lanpostuen balorazio feministak sartzea.
  • Zaintza eta bizitzaren sostengurako beharrezkoak diren lan guztiak emakumeon* gain jarri dituzte eta doakoak dira; sistema kapitalistak eta jendarte osoak atera dio horri probetxua. Horren aurrean, zor patriarkala deitu diogun zuzenketa faktorea aplikatzea proposatzen dugu.
  • Lanaldia murriztea, soldata txikitu gabe: zaintzeko denborak bermatu.
  • Zaintza sektoreko lan baldintzak hobetzea.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko lege bermeak exijitu ditu LABek Gasteizen

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, LABek gaztelerak dituen eskubide...

Iruñeko lorezaintzako lehen hitzarmenaren kontrako blokeoa salatu dute sindikatuek

LAB, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek, GORA LOREZAINAK batzarraren babesarekin —Iruñeko Udalak azpikontratatutako OHLA Ingesan, Eulen eta Tasubinsa enpresetako lorezaintzako langileek osatzen dute...

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.