2026-03-19
HomeEkintza PolitikoaXuti Gazte! antolakundearekin batera ‘Gazte langileon gida’ aurkeztu dugu

Xuti Gazte! antolakundearekin batera ‘Gazte langileon gida’ aurkeztu dugu

Lan munduari lotutako oinarrizko ezagutzen berri modu errazean izatea ahalbidetuko duen tresna izango da, betiere kolektiboaren garrantzian azpimarra jarrita.

Gida ikusteko, sakatu hemen.

Gazteen artean prekaritatea agerikoa da, askok lan-baldintza kaxkarrak baizik ez dituztelako ezagutu; soldata apalak, kaleratzeak edota kontratu gabeko lanak, adibidez. Horrez gain, krisiek zein azken urteotako lan eta erretreta erreformek egoera okertu baino ez dute egin.

Hori dela eta, LAB sindikatuak eta Xuti Gazte!-k elkarlanean sortu dute Gazte langileon gida, ezagutu beharreko oinarrizko informazioa dakarrena; izan ere, jakina da ustez bermatuta dauden hainbat eskubide ez direla errespetatzen, eta gidak horiek borrokatzeko tresna izan nahi du. Hala ere, aurkezpenean azpimarratu dute gutxieneko eskubide horiez haratago prekaritateari eta sistema kapitalistari aurre egitearen beharra. Hala, borroka lantokietara, ikastetxeetara, karriketara eta beste eremu guztietara eramateari garrantzia eman diote.

LABen izenean aritu diren Joana Urrutik (Ipar Euskal Herriko Zerbitzu Pribatuetako arduraduna) eta Heren Muruagak (Ipar Euskal Herriko Industriako arduraduna) nabarmendu dute gazteen lehen kontratuak prekarioak izan ohi direla: ikastaroak, kontratu mugatuak, denbora partzialekoak… hori gutxi ez, eta usutan adin ezberdintasunak nagusiarekiko menpekotasun harremana areagotzen du.

Bada, liburuxka honetan laburbildu dituzte jakin beharreko hainbat kontu. Gainera, zuzenbidea aldakorra denez, gida noizean behin eguneratu egingo dute.

Langile gazteen gida honek bederatzi puntu nagusi biltzen ditu:

1. Lan kontratua: Lan-kontratuaren definizioa eta halakoak irakurri eta ulertzeko gakoak, zehaztuz zein klausulatan arreta eman behar den.

2. Kontratu bereziak: Askotan kontratu bereziak izenpetzera bultzatzen dituztenek gazteak, horien berezitasunak argitarat ateratzen ditu gidak.

3. Lansaria eta paga orria: lansariaren inguruko eskubide zein arauak eta paga fitxak dituen atal ezberdinen azalpena, adibideetan oinarrituta.

4. Lan denborak: Lan denborari buruzko oinarrizko informazioak

5. Atseden denborak: Atseden denborei buruzko arauak, adingabekoen muga bereziak, eta abar.

6. Opor ordainduak: Opor ordainduen oinarrizko printzipioen azalpena.

7. Lan geldialdiak: Lan geldialdiei buruzko informazioa, batez ere lansarian ekartzen dituzten ondorioak kontuan harturik.

8. Kontratu bukaerak: Molde ezberdinen azalpena eta dituzten ondorioena, esate baterako, langabeziari dagokionez.

9. Kolektiboaren garrantzia: Kolektiboki antolatzeko existitzen diren aukerak mahai gainean jarri dira gidan. Izan ere, sindikatuarentzat nahiz gazte antolakundearentzat horixe da eskubideak errespetatu zein berriak irabazteko tresnarik eragintkorrena. Gidan askatasun sindikalari, langile ordezkaritzari nahiz greba eskubideari buruzko azalpenak bildu dira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.