2026-03-19
HomeEkintza SindikalaTubacex enpresari eskatzen diogu bete ditzala kaleratzeak baliogabetzen dituen epaia eta berehala...

Tubacex enpresari eskatzen diogu bete ditzala kaleratzeak baliogabetzen dituen epaia eta berehala onar ditzala kaleratutako langile guztiak #LortuDugu

LABek Tubacexeko langileak zoriondu nahi ditu, baita borrokan lagundu digun jende guztia ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Tubacexen kaleratzeen deuseztasuna deklaratzen duen epaia ezagutu ondoren. Eredugarria izan baita lorpen hau ekarri duen enpleguaren eta lan- eta bizi-baldintza duinen aldeko borroka.

Borroka hasi zenean, langileek bazekiten luzea eta gogorra izango zela. Gaur 146 egun bete ditugu greba mugagabean. 146 pikete egun, manifestazio egun, eskualdean eta eskualdetik kanpo martxak, Ertzaintzaren identifikazioak, salaketak, atxiloketak eta kolpeak, hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak epai honen bidez berretsi duena salatzeko. Ez dago egiturazko arrazoi objektiborik 129 lankide kaleratzeko, eta ez dago arrazoirik lan-baldintzak suntsitzeko.

Baina bizitakoa gogorra izan arren, Tubacexeko langileek arrazoi asko dituzte harro egoteko egindakoaz eta lortutakoaz. Gaur, beraz, ospakizun eguna da langile guztientzat, eskualde osoarentzat eta Euskal Herriko langileentzat.

LABetik enpresari eskatzen diogu bete ditzala kaleratzeak baliogabetzen dituen epaia eta berehala onar ditzala kaleratutako langile guztiak. Aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia onartzeko eskatzen diogu, etorkizuneko edozein errekurtso bertan behera uzteko, gatazka hau ahalik eta ondoen itxi ahal izateko eta, mehatxurik gabe, guztion artean Covidaren aldi baterako egoera honen aurrean erabakiak hartzeko.

Sortu duen gatazka eta zentzugabekeriaren aurrean, Tubacex erantzukizunak argitzera behartuta dago, eta, horregatik, Tubacexeko Zuzendaritzaren eta JesĂşs Esmoris kontseilari ordezkariaren dimisioa eskatzen dugu. Gure ustez, pertsona horiek sinesgarritasuna galdu dute langileen aurrean, eta enpresaren kudeaketa negargarria egiten dutela erakutsi dute; beraz, ez dira solaskide baliodunak enpresa batzordearekin eta langileekin etorkizunean izango dituzten harremanetan.

Azkenik, zuzenean interpelatu nahi ditugu Eusko Jaurlaritza eta, zehazki, Industria Saila eta Lan Saila. Jendarteak arrazoia eman zigun aspaldi, eta orain auzitegiek eman digute arrazoia. Zer egiteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak? LABetik jarrera argia eta zalantza gabea eskatzen dugu: langileak lanera behin betiko bueltatzea bermatu behar du.

Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu ez diezaiela laguntza publikorako zentimorik eman irabaziak murrizten eta, aldi berean, enplegua suntsitzen eta lan-baldintzak prekarizatzen aritzen diren enpresei.

Azkenik, enpleguaren eta lan- eta bizi-baldintza duinen defentsan oinarritutako industria-politika eskatzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.