2026-04-09
HomeEkintza SindikalaLAB, TEKNIKARIOK, ESK, UGT eta CCOO sindikatuek, EAEko ikuskizunen eta ekitaldien lehen...

LAB, TEKNIKARIOK, ESK, UGT eta CCOO sindikatuek, EAEko ikuskizunen eta ekitaldien lehen Hitzarmen Kolektiboaren negoziazio-mahaiko kide guztiek, negoziazioak bizi duen blokeoa salatu dute

Bi urte igaro dira 2024ko urtarrilean EAEko ikuskizun eta ekitaldien hitzarmena negoziatzeko lehen mahaia eratu zenetik. Eguneroko oinarrizko eskubideen urraketa eta prekaritateak markatutako sektorea da hau eta langileok horren aurka egin nahi izan dute.

Enpresa askok sektorearen antolamendu eta ekoizpen-berezitasunak baliatu izan dituzte, praktikan, Langileen Estatutuan jada jasota dauden gutxieneko eskubideetako batzuk ere egunerokora irits ez daitezen. Lanbide gehienetan segurutzat jotzen diren oinarrizko eskubideak zapaldu egiten dira ikuskizun eta ekitaldien sektorean, jardueraren aldizkakotasuna aitzakia hartuta.

Mahai negoziatzailea eratu zenetik, sindikatuek konpromiso sendoa erakutsi dute sektorea erregulatzeko eta neurriz kanpoko praktikekin amaitzeko. Are, enpresek bizi duten antolaketa-errealitate konplexua ulertuta, baita, etengabeko elkarrizketa sustatzeko ere.

Hala ere, badirudi patronala (sektoreko enpresa gehienak biltzen dituen EUKI Elkarteak ordezkatuta) gehiago dagoela praxi txarrak eta gaur arte jasandako eskubide-urraketak idatziz finkatzeko saiakeran, akordioak lortzeko benetako saiakeran baino.

Besteak beste, EUKIk langileei bizitza pertsonala eta familiarra bateragarri egiteko eskubidea ukatu nahi die praktikan. Izan ere, ordutegiak, egutegiak eta lan-txandak guztiz onartezina den aurrerapenarekin eman nahi ditu.

Enpresek haien jarduera erosotasunez eta malgutasun osoz kudeatu nahi dute eta, horretarako, langileei beren bizitza (eta ingurukoena) antolatzeko aukera ukatu nahi diete. Alegia, etengabeko prestasun egoeran egotera behartu nahi dituzte. Gainera, hori guztia inolako konpentsaziorik eman gabe egin nahi dute, eta haien azken eskaintza egin dutela ziurtatu diete nahiz eta bertan proposatutakoa Langileen Estatutuak ezartzen dituen gutxienekoen azpitik egon.

Jarrera immobilista eta zuzenbidearen aurkako horren aurrean, gaur gaurkoz ez dago negoziazioei berriro heltzeko benetako baldintzarik. Bitartean, neurriz gaindiko jarrerek eta lege-urraketek presente jarraitzen dute. Sindikatuek hitzarmen bidez patronalaren jarrera zuritu eta berresteari uko egiten diotenez, EUKIk negoziazioak blokeatu besterik ez ditu egiten.

Horregatik, mahai negoziatzailea eratu zenetik bi urte igaro direnean, alde sozialak mobilizazio faseari ekingo diola iragarri du. Laster grebak, lanuzteak eta bestelako ekintzak iragarriko dituzte beren eskubideen defentsan eta Hitzarmen Kolektibo duin baten alde; ez patronalaren gehiegikerientzako txeke zuri baten alde.

Kanpaina hau gaur bertan hasiko dute, sektoreko hainbat enpresaren aurka Lan Ikuskaritzan salaketak erregistratuko baitituzte. Izan ere, negoziazioaren blokeoa baliatzen jarraitzen dute oinarrizko lan-araudia etengabe urratzeko.

Patronalak bere jarrera berriz ere aldatzen badu, sindikatuek adierazi dute oraindik garaiz daudela egoera bideratzeko. Alabaina, gaur argi eta garbi esan nahi dute: Hitzarmen duin baten alde, ilegalitate bakar bat ere ez erantzunik gabe!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek eta ELAk greba dinamika abiatuko dute EAEko udal langileen sektorean

EUDELi eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoei exijituko diete Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan baldintzak hobetzea hemen eta orain negoziatuz. Apirilaren 23an...

Zumaiako Estaños Matienako langileek greba egingo dute euren osasuna eta segurtasuna berma daitezen exijitzeko

Hainbat lan istripu izan dira enpresa horretan, eta iragan urtarrilaren 31n langile bat hil zen lanean. Hala ere, enpresak ez du berehalako neurririk hartu...

LABek politika publiko propioak exijitzen ditu, Nafarroako erregularizazioa enplegu arloko eskubideak gauzatzeko eta beste askotan aurrera egiteko abiapuntua izan dadin

Nafarroako Gobernuko presidenteak deituta, gaur bilera egin dute enpleguari eta migratzaileen erregularizazioari buruz hitz egiteko. LAB sindikatuak enpleguaren erregularizazioan eta kontrolean hobekuntza bat exijitzen...