2026-10-01
HomeEkintza SozialaSortzen ari den enpleguaren kalitatea kezkatzekoa da

Sortzen ari den enpleguaren kalitatea kezkatzekoa da

Langabeziak behera egin du pasa den hilabete zein urtearekiko Hego Euskal Herrian eta otsailean 139.131 langabe zenbatu zituen SEPEk. Langabezian dauden herritarren %58,68a emakumeak* dira.

Oro har, sektore guztietan egin du behera langabeziak. Jaitsiera proportzional nabarmenena lehen sektorean eta eraikuntzan jazo da, %6,79ko eta %6,27ko jaitsiera hurrenez hurren. Zerbitzuak sektorean, 1.268 langabe gutxiago daudela azpimarratuko genuke. Aurreko enplegurik gabekoak langabezian dauden herritarren %12,5a dira, gora behera gutxirekin.

Azpimarratu behar dugu, industria sektorea egoera kezkagarria ez da langabezia datuetan azaleratzen. Izan ere, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak baliatu dituzte kinka larrian dauden enpresatako langileen momentuko egoerari eusteko.

Langile migratuen artean, aldiz, langabeziak gora egin du azken urte (97 langabe gehiago) zein hilabetean (115). Ez dira zifra oso esanguratsuak, baina langabeziaren beherakada langile migratuen bizkar ematen ari da.

Aurreko urtean baino 3.442 kontratu gutxiago sinatu dira otsailean zehar eta horietatik %76,3a behin behinekoak izan dira. Otsailean zehar egindako kontratuen artean, kontratu mugagabeen kopuruak %10,9 egin du behera eta behin behinekoenak %2,3 pasa den urtetik hona.

Langabeziaren jaitsiera afiliazioaren gorakadarekin harremanean dago. Izan ere, herritarrek lana aurkitu, langabezia jaitsi eta erregimen orokorrean afiliaturiko langile kopurua igo da. Beste behin ere, sortzen ari den enpleguaren kalitatean jarri behar dugu arreta eta alarma gorria. Azken urtean sortutako afiliazioaren %81,17a zerbitzuak sektorean jazo da, 11.948 afiliatu berri. Sektore honetan lan baldintza prekario zein ezegonkorrak nagusi direla kontutan hartuta, sortu den enpleguaren ezaugarri nagusia prekaritatea dela esan dezakegu.

Emakumeen* artean sorturiko enplegua lan baldintza ezegonkor zein prekarioetan oinarritu da. Afiliazioak kontratu mota guztietan gora egin arren, emakumeen* artean jardunaldi osoko behin behineko kontratuak jaitsi egin dira. Era berean, azken urtean aldizkako kontratu finko kopuru orokorra jaitsi arren, emakumeen* artean igo egin da. Azken urteko afiliazioak gora egin arren, 25 – 60 urte artekoen afiliazioa jaitsi egin da, bereziki emakumeen* artean.

Beraz, sortzen ari den enpleguaren prekaritatea egiturazkoa da eta egoera zaurgarrian dauden herritarrek lan merkatuaren desorekak modu zuzenagoan pairatzen dituzte, emakumeen* lan baldintza kaskarragoek edota langile migratuen langabeziaren igoerak azaleratzen duten bezala. Hori dela eta, LAB sindikatuarentzat estrategikoa da bertako errealitateari erantzungo dion Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata 1.600 euroan kokatzea, langile guztien bizitzak hobetzeko ezinbesteko urratsa izango delako. Bide horretan, LGS-ren alde zabalik ditugun borroka espazio guztietan egongo gara.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.