2026-02-20
HomeEkintza SindikalaSoldata arrakalaren kontra, gutxieneko soldata propioa aldarrikatu du LABek

Soldata arrakalaren kontra, gutxieneko soldata propioa aldarrikatu du LABek

Soldata baxuenak dituzten sektoreak feminizatuak eta arrazializatuak daudela salatu du LABek Bilbon eta Iruñean, eta, “injustizia” horrekin amaitzeko, martxoaren 17ko greba orokorrerako deia berretsi du, gutxieneko soldata propio eta duinaren alde. 

Azken boladan, instituzioek eta patronalak baikortasun mezuak eman dituzte behin eta berriz soldata arrakalari buruz, eta txikitzen ari dela adierazi. Alabaina, diskurtso horrek talka egiten du errealitatearekin, eta hori salatu du LABek Bilbon eta Iruñean, Soldata Arrakalaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira egindako bi ekintzatan. LABeko hainbat kide feministaz inguratuta, zulo bana irudikatu du LABek lurrean, inposatutako soldata arrakala islatzeko.

Argi mintzatu da Maddi Isasi LABeko idazkari feminista, Bilbon egindako adierazpenetan: “Ez da egia soldata arrakala txikitzen ari dela”. Izan ere, lan munduak guztiz segregatuta jarraitzen duela gogorarazi du, “bai generoaren eta bai jatorriaren arabera”. Isasiren arabera, ez da kasualitatea 1.500 euro baino gutxiagoko soldatak jasotzen dituzten sektore gehienak feminizatuak eta pertsona migratu eta arrazializatu ugariz osatutakoak izatea. Sektore horietako batzuk ikus zitezkeen, hain justu, Isasiren atzean zegoen panel batean, denak ere hitzarmenean 1.500 euroko gutxieneko soldata baino baxuagoak jasotzen dituztenak: eraikin eta lokalen garbiketa (1.465 eurokoak), kontserberak (1.229 eurokoak), etxeko langileak (1.184 eurokoak)…

Egoera hori datuetara eraman du Ipar Hegoa fundazioak, EHUko Ekonomia eta Kudeaketa saileko irakasleekin lankidetzan egindako azterketan, eta, azterketa horretan oinarrituta, Isasik salatu du 1.500 euro baino gutxiago jasotzen duten langileen %67 emakumeak* direla, hirutik bi. Horrez gain, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren azpitik dagoen soldatapeko emakumeen* %47,97k jardunaldi partzialean lan egiten duela ere gogorarazi du. 

Sexuaren araberako lan banaketa dago oinarrian, Isasik azaldu duenez: lanak ezberdin baloratzen dira egiten dituena gizona, emakumea*, migratua edo gaztea izan, eta hori lan baldintzetan islatzen da. Sektore feminizatuetako soldatak maskulinizatuetakoak baino askoz baxuagoak dira, emakumeek* egiten dituzten lanei balioa kentzen zaielako. “Injustizia” horri aurre egiteko oinarrizkoa da gutxieneko soldata propioa, idazkari feministak nabarmendu duenez, “gutxieneko bat bermatuko duena”. Neurri horrek, era berean, beste neurri batzuekin lagunduta etorri behar du, LABek gaur defendatu duenez, sexuaren araberako lan banaketarekin benetan apurtu nahi badugu eta, behingoz, sistema ekonomiko esplotatzailea hankaz gora jarri; hala nola, zor patriarkalaren eta kolonialaren aitortza, lanpostuen berbalorizazio feminista, zaintza sistema publikoa… 

Horiek guztiak aldarrikatzeko eta gutxieneko soldata propioaren beharra erdigunean jartzeko, martxoaren 17ko greba orokorrera batzearen garrantzia azpimarratu du Isasik. Hartara batzeko arrazoiak “soberan” daudela adierazi du, eta grebarako deia berretsi. 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza Sailak Euskaldunon aurkako erasoak egin dituela salatu nahi ditu LABek

“Euskalduna izatea euskaldun ez izatearen atzetik jartzen dute behin eta berriro” Ikasturtea hasi genuenetik, LABek behin eta berriro salatu ditu euskaldunon aurkako erasoak. Lehen adibidea...

INTIAko Enpresa Batzordeak iragarri du greba hasiko duela TRACASA Instrumental enpresa publikotik subrogatutako 56 langileko kolektiboak

Urtebete baino gehiago daramagu enpresa publiko baten barruan soldata desberdintasuneko egoera bat konpondu nahian. Subrogazioa hasi zenetik, kolektibo honi ez zaio aplikatu INTIAn 2016tik...

Estrasburgo Ibilbideko VITALQUILERen maizterrak borrokan. ADANIA, konponbidea orain!

Gasteizko Estrasburgo Ibilbideko 9, 11 eta 13 zenbakietan kokatutako VITALQUILERen etxebizitza-blokeko maizterrok, LAB Sindikatuaren Etxebizitza Asanbladako kideekin batera, ADANIAren bulegoetara joan ginen joan den...