SIDENORetik Azkoitia hiltzen uzten ari da. Azken urteetan 200 lanpostu inguru suntsitu dira Azkoitiko lan-zentroan. Nabarmena da Azkoitirako ez dagoela etorkizuna bermatuko duen plangintzarik SIDENORen zuzendaritzarentzat. Horri, azkenengo urteetan langileok pairatu dugun eskubideen murrizketa gehitu behar zaio. Testuinguru horretan ulertu behar da SIDENOReko zuzendaritzak eman duen azkenengo pausoa.
Bi urte baino gehiago dira hitzarmeneko negoziazioa abiatu genuenetik. Urte askoan aurrenengo aldiz, LAB eta ELAk gehiengoa izanda eman genion hasiera negoziazioari. Zuzendaritzaren estrategia, beldur eta mehatxuan oinarritutakoa izan da hasieratik. Azkoitiko lan-karga desbideratu zuen lehendabizi, eta langileak beldurtzen ez zirela ikusita, ERTE bat planteatu zuen. Luzapen eta guzti urte eta erdi egin genuen egoera horretan (pasa den urrira arte). Langileek tinko eutsi diogu egoerari, eta zuzendaritzaren inmobilismoaren aurrean mobilizazioak berekin ditugunean (duela bi aste beste salto kualitatibo bat eman genuen), hurrengo kolpea eman du zuzendaritzak. Azkoitiko Tren Handia itxi eta gure 36 kide Reynosara (Kantabria, Espainia) lekualdatuko dituztela mehatxu egin digute. Garbi daukagu: isilpeko 36 kaleratze dira horiek. Horrez gain, Azkoitiko Tren Handia gelditzeak, Lan-Zentro osoaren etorkizuna kolokan jarriko luke nahita-ezean.
Negoziazioaren baitako mehatxu eta Azkoitiko lan-zentroaren abandonatzearen baitan kokatu behar da, beraz, pauso hori. Horregatik garbi adierazi nahi dugu gure mezua:
• Ez dute negoziaziorako gure borondatea bertan behera uzterik lortuko.
• Lanpostuak indartzeko, eta Azkoitiko lan-zentroak etorkizuna izateko borrokan jarraituko dugu
Langileon Batzordetik iada eskatu ditugu instituzioekin bilerak (Azkoitiko Udala, Gipuzkoako Aldundia eta Eusko Jaurlaritza). Instituzioek Azkoitiko lanpostuen etorkizuna bermatzeko inplikatu beharra daukate, beste aldera begiratu gabe, eta orain arte eraginkorrak izan ez diren politikak aldatzea ezinbesteko dela garbi daukagu. Jainagari (SIDENORen jabea) alfonbra gorria jarri izan zaio instituzioetatik eta horrek aldatu beharra dauka. Bertako lanpostuen defentsa exijitu behar zaio instituzioetatik ere.

