2024-05-03
HomeEkintza SindikalaSidenor Azkoitian ebentualitatearekin eta lanpostuen suntsiketarekin amaitzea exijitu dugu

Sidenor Azkoitian ebentualitatearekin eta lanpostuen suntsiketarekin amaitzea exijitu dugu

Sidenor Azkoitian urte asko daramatzagu enplegua nola suntsitzen den eta egiturazkoak diren zenbait lanpostutan ebentualitate amaigabea nola mantentzen den ikusten.

Azken 5 urteetan:

-110 langile gutxiago daude, 90 finko eta 20 behin-behineko gutxiago.

Langile batzuk, hainbat urte daramatzate behin-behineko kontratuarekin. Gaur egun, 16 langile inguruk 4, 5 edo 6 urte daramatzate aldi baterako kontratuarekin lanean.

Hau ezin dugu inondik ere onartu.

Izatez egiturazkoak diren lanpostuak behin behineko langileekin betetzen dituzte. Izatez egiturazkoak diren lanpostuak kontratekin betetzen dituzte. Azkoitiko lan-zentroko egiturazko lanpostu guztiak langile finkoekin betetzeko ordua da.

Hilabeteak daramatzagu enpresan 4 urte baino gehiago daramatzaten behin-behineko langileei lan-kontratu mugagabeak egiteko eskaera egiten Sidenor Azkoitiako zuzendaritzari, baina, enpresaren erantzuna beti EZEZKO IRMOA izan da, epe laburrean ez baitaukate langile finko gehiago egiteko aurreikuspenik.

Gai honekiko, SIDENOR Azkoitiako zuzendaritzak daukan utzikeria ikusita, egoera salatzeko azkenengo hilabeteetan Langile Batzordetik hainbat kontzentrazio egin ditugu lantegiaren sarreran. Orain, gure lankideek bizi duten egoera bidegabe hori publiko egiteko garaia dela iritzi diogu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.