2026-03-12
HomeEkintza SindikalaPSN eta Contigo-Zurekin alderdiek PP eta Voxekin bat egin dute pertsona zaurgarrienei...

PSN eta Contigo-Zurekin alderdiek PP eta Voxekin bat egin dute pertsona zaurgarrienei kalte eginez Nafarroak LGS propioa izatearen aurka bozkatzerakoan

LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxaldek proposamena Madrilgo Kongresura eraman dute, martxoaren 17rako deitutako Greba Orokorra berresten dute, eta gogorarazten dute Nafarroak bere LGS propioa erabaki ahal izatearen aurkako jarrera patronalarekiko bakarrik dela solidarioa.

LAB eta ELA atzo María Chivite presidentearekin bildu ziren Nafarroak LGS propioa izateko beharra helarazteko.

Gaur goizean Nafarroako Parlamentuan EH Bilduk eta Geroa Baik aurkeztutako lege proposamena bozkatu da, ekimenaren sustatzaile diren sindikatuen ekimenez erregistratua. Azkenean legea ez da aurrera atera, PSNk eta Contigo-Zurekinek beren kontrako botoak batu baitituzte Alderdi Popularraren eta Voxen botoekin, egoera okerrenean dauden langileak (pertsona migratuak, desgaitasuna duten pertsonak, emakumeak*, gazteak…) lagunduko lituzkeen proposamena baztertzeko, eta Nafarroako gizarte osoarentzat, salbuespenik gabe, positiboa dena.

Nafarroak LGS propioa izatearen proposamenak pobreziaren hazkundearen aurka egiten du, Nafarroaren autogobernuan aurrera pausoa da, eta Estatuko gainerako langileekin solidarioa da, haiei ere gutxieneko soldatak hobetzeko aukera ematen dielako eta autonomia erkidego batek ere Estatuko LGSaren zenbatekoa jaisterik izan ez dezan bermatzen duelako. Horregatik, baieztatzen dugu PSNren eta Contigo-Zurekinen kontrako botoa langile klasearen interesen aurkakoa dela eta patronalari bakarrik egiten diola mesede. Hau da, PSNren eta Contigo-Zurekinen posizioa patronalarekiko solidarioa da, are gehiago UPNren abstentzioa kontuan hartuta.

PSN eta Contigo-Zurekin azken urteetan Estatuan LGSren igoera garrantzitsuak babestu dituzten bi alderdi dira, eta autogobernuaren defendatzaile direla diote. Hala ere, gaurko bozketan argi geratu da UGT eta CCOOen jarreraren menpe daudela, eta Estatuaren ikuspegi uniformizatzaile eta zentralista dutela. Zoritxarrez, Nafarroako gizartea, eta bereziki pertsona zaurgarrienak, izango dira PSNren eta Contigo-Zurekinen kontrako botoaren kaltetu nagusiak.

Nafarroako Parlamentuan legea baztertu den arren, ekimen honen sustatzaile garen sindikatuok ez dugu amore emango Nafarroak LGS propioa lortu arte. Gogorarazi nahi dugu aldarrikapen hau Madrilgo Kongresura irits dadin ekimena martxan dagoela. Kongresuan gehiengoa osa dezaketen alderdi politikoekin bilera erronda egin dugu, Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatzeko lege proposamena onar dadin, autonomia erkidegoek beren LGS propioa ezarri ahal izan dezaten, betiere Estatuko LGSren gainetik. Bilera horietara joan diren alderdi bakar batek ere ez du gure proposamenaren aurka egin. PSN eta Contigo-Zurekin askoz ere oldarkorragoak dira ekimen honekin hemen, Madrilen dituzten kideak baino.

Helburu berarekin, LAB eta ELA sindikatuak atzo María Chivite presidentearekin bildu ginen Nafarroarentzat LGS propioaren proposamena helarazteko, eta patronalari presioa egiten jarraituko dugu Nafarroako langile guztientzat 1.500 euroko gutxieneko ordainsaria negoziatzera eseri dadin.

Mobilizazioei esker aurrerapen garrantzitsuak lortzen ari gara Nafarroarentzat LGS propioa eskuratzeko bidean, dagoeneko oinarriak jartzen ari gara horretarako. Hasieran HEL baten bidez gure eskaera izapidetzea galarazi ziguten, baina azkenean lege arrunt baten bidez tramitatzea lortu dugu. Chivite presidenteak LAB eta ELArekin biltzeari uko egin zion hasieran, eta azkenean egitera behartuta ikusi da. EAJk Eusko Legebiltzarrean aurka bozkatu du, baina Nafarroan, Geroa Bai koalizioaren bidez, alde bozkatu behar izan du. Eta UPN ere gaurko bozketan abstentziora joan da. Gainera, Kongresuan lege proposamena martxan jartzeko urratsak egiten jarraitzen dugu. CEN patronalak ere ez zuen atzo negoziazioan parte hartzeko atea itxi.

Horregatik guztiagatik, LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde erabakita gaude kalean eta lantokietan presioa egiten jarraitzeko, Nafarroako langile askoren bizi baldintzak hobetuko lituzkeen aldarrikapen hau lortzeko. Martxoaren 17rako deitutako Greba Orokorrak bultzada erabakigarria emango dio Nafarroan 1.500 euroko LGS propioa lortzeari, eta horregatik langile guztiak grebara eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hithium enpresa Nafarroara etortzea bertako industriarentzat eta sektoreko langileentzat berri gazi-gozoa da

2025ean Nafarroako Industrian egondako enplegu suntsiketaren ondoren, bertze transnazional bat lekukoa hartzea ez du herrialdeko eta bertako langileriaren beharrak aseko. Pasa den urtean Nafarroako Industriak...

Greba orokorrari baietza ematen ari dira gero eta lantoki gehiagotan

Greba orokorrerako bost egunen faltan, lantokietan eta kalean giroa berotzen ari da; hasiak gara lantokietatik jarraipen-aurreikuspenak jasotzen, eta deialdia izaten ari den babesaren arabera,...

NATO desegitearen alde egin du LABek, Euskal Herriak duela 40 urte adierazitako borondatea aintzat hartuz

40 urte bete dira Espainiako Estatuan NATOren inguruko herri galdeketa egin zenetik. Baiezkoa irabazteko estatu-operazioak porrot egin zuen, ordea, Hego Euskal Herrian; lau herrialdeetan...