2026-02-02
HomeEkintza SindikalaPrekarietatearen aurkako dinamika Gasteizera iritsiko da ostiralean

Prekarietatearen aurkako dinamika Gasteizera iritsiko da ostiralean


LABek elkarguneak antolatuko ditu datozen asteetan, Ostiral Duinak ekimenaren baitan, kapitalismoak eragindako gaitzari aurre egiteko. Hainbat jarduera egingo ditugu Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan, 16:30etik aurrera: lan osasunari buruzko ikastaro bat, aholkularitza mahai bat, pankarta tailer bat, Jai Egunetan Denok Jai tailerra, erakusketa bat borrokaren garrantziari buruz, aldarrikapen jolasak, ikus-entzunezkoak, prekarietatea gehien bultzatzen duten marken salaketa… Era berean, lan duinaren aldeko eta prekarietatearen aurkako mobilizazio batera deitu dugu, 19:00etarako.

Prekarietatearen aurkako lehen elkargunea Gasteizen egokituko dugu, ostiralean. Ondoren, leku hauetan gauzatuko dugu dinamika: Donostian, martxoaren 3an; Iruñean, martxoaren 17an; Bilbon, martxoaren 24an; Oarso Bidasoan, martxoaren 31n.

Hain zuzen ere, prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia da. Helburu horrekin, LABek elkarguneak antolatuko ditu Euskal Herriko hainbat herritan, lan prekarioa betetzen dutenek bildu eta esperientziak truka ditzaten, beti ere alternatibak daudela erakusteko asmoz. Dinamika honetan parte hartzera animatzen zaitugu, denon ekarpena beharrezkoa baita prekarietateari aurre egiteko.

Urratsak eman ditzaten eskatu behar diegu eragile politikoei. Honako hauek dira premiazkoenak:

. 1.200 euroko gutxiengo soldata bermatu
. Lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordura murriztuta
. Bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, Madrildik etor daitezkeen erreformekiko
. Gutxiengo orduak ezarri, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian
. Laneko ikuskaritzak kontrol eragingorra egitea enpresei

Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira, kalean zein lantokitan. Gaur egun, lanposturen bat izateak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez dugunik. Euskal Herrian langile txiroak daude, lanpostu prekarioengatik hilabete amaierara iristen ez direnak.

Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoen bidez, LABek egoera honetara ekarri gaituzten aldagai nagusiak aztertu ditu, eta emaitza latza da: langileen %80ek lan baldintza kaskarretan dihardutela adierazi dute, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa.

Sistema kapitalistaren tresna bat da prekarietatea, gobernatzeko baliatu ohi du. Alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, elkarguneetara hurbiltzeko gonbitea luzatzen dizugu, denon eskubideen alde eragiteko!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...